https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Etorkizuneko hiriak hizpide, Bilboko Ensanche eraikinean

Etorkizuneko hiriak hizpide, Bilboko Ensanche eraikinean
Jordi Alemany

Bilboko eraldaketa prozesu hori azaldu eta horren inguruan eztabaida eragiteko, Euskal Herriko Unibertsitateak ikastaroa antolatu du Udako Ikastaroen programaren baitan

AMALIA IBARGUTXI

Azken hamarkadetan Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuek, hainbat udalerriren antzera, aldaketa handia bizi izan dute behar eta ohitura berrietara moldatzeko. Aldaketa ezagunetarikoa Bilbokoa izan da, eta ez da amaitu. Eraldaketa prozesu hori azaldu eta horren inguruan eztabaida eragiteko, Euskal Herriko Unibertsitateak ikastaroa antolatu du Udako Ikastaroen programaren baitan.

Bilbo hiri baten eraldaketaren adibide «paradigmatikoa» da antolatzaileentzat, eta bere burua berriro asmatzen jarraitu nahi du, «maila fisikotik harago dagoen bizi kalitatea bermatzeko». Eraldaketa, herritarren pixkanakako zahartzea eta horrek dakarrena kontuan hartuta lortu nahi da, mugikortasunari edo konfort eremuen sorrerari dagokienez. «Eraldaketa teknologikoari esker, Bilbo smart city bihurtzen ari da, eta gainera, ez ditu saihesten klima aldaketak eragindako erronkak», azaldu dute.

Gogoeta horien inguruan, Ensanche eraikinean egiten ari dira topaketa. Bilbon barrena ibilbide bat egingo dute, bertako eraikinen bidez. Euskalteleko eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoko adituek ere ekarpenak egingo dituzte, eraldaketa digitalari dagokionez: merkataritzaren, turismoaren eta baita osasunaren arloetan ere eskaintzen dituen aukerak, baina baita pribatutasunaren arloan dituen legezko ondorioak ere.

Hiri bat «kultura da, aisia, bizikidetza, eta balio materiagabeen multzo bat». Horregatik, ikastaroan hainbat erakunderen ikuspuntua ezagutaraziko dute: ZAWP (Zorrotzaurra Art Work in Progress), Azkuna Zentroa, Deusto Cities lab edo Last Tour International erakundeena, adibidez.

Ekarpen akademikoen artean daude Deustuko Unibertsitateko María Silvestre (hiria generoaren ikuspuntutik), Madrilgo Karlos III.a Unibertsitateko Constanza Tobío (belaunaldi arteko harremanak zainketen eta generoaren arloetan) eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Carlos Giménez (kudeaketa pluralista hiri bateko kultura aniztasunetik abiatuta).

Juan María Aburto alkateak eta Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak inauguratuko dute ikastaroa. Alkateak testuinguru historikoan kokatuko du Bilbo, eta hiriaren eta bertako biztanleen etorkizunean pentsatuta egin diren hainbat jarduera aipatuko ditu. Ondoren, Ibon Areso alkate ohia eta Asier Abaunza obra, zerbitzu eta hiri plangintzarako zinegotzia Bilboko hirigintzaren orainari eta etorkizunari buruz mintzatuko dira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos