Borrar

Eskoletako menuak birplanteatuz, errezeta berritzaileen bidez

Ausolanek, Basque Culinary Center Innovationekin elkarlanean, tradizio gastronomikoak eta testura berriak bateratzen dituzten proposamen berritzaileak garatu ditu, jantokien zerbitzuak hobetzeko helburuarekin

Osteguna, 18 azaroa 2021

Comenta

Argi dago ondo jatea oso garrantzitsua dela edozertarako, are gehiago gazteenen garapenerako, hazteko adinean baitaude. Era berean, adingabeak aldaketara ohituta dauden etengabeko berrikuntza garai honetan, interesgarria da Ausolan enpresaren eta Basque Culinary Centerreko BCC Innovationen lankidetza berria, errezeta tradizionalen bideo bat ikuspuntu modernoago batetik garatzeko balio izan duena. Hau da, zintan, zehazki, eskola jantokietako errezeta klasikoak birplanteatzen dira elikatzeko ohitura berrietara egokitzeko, eta, aldi berean, hainbat aholku ematen dira dieta osasungarriari eta sukaldean modu osasuntsuan aritzeari buruzkoak.

Ausolaneko EAEko hezkuntza proiektuaren taldeak adierazi duenez, Innova Recetas by Ausolan izenburua daraman «proiektuaren xedea da menuen proposamena berritzea, berrikuntzan eta kalitatean oinarritutako kosorkuntza eta kopartaidetza proiektu baten bidez, errezeta osasungarri berriak eta etxean erraz prestatzekoak eskaintzeko».

Ea nola egingo duen hori? Bada egitasmoa abian jartzeko, Ausolanek errezeta batzuk aukeratu ditu – eskola jangeletako menuetan ohikoak direnak–, eta, BCC Innovationekin batera, errezeta horiek birformulatzeko lan egin du, proposamen osasungarri, nutrizional, deigarri eta mamitsu berriak lortzeko. Hots, berrikuntzaren aldeko apustua, proposamen bakan, berezi eta pertsonalizatuak emateko estrategia gisa.

Ekimenaren arduradunek nabarmendu dutenez, garatu diren lehenengo bi errezetak hauek izan dira: arroz integral krematsua sasoiko barazkiekin, eta oilasko errea erromero eta limoiarekin su bizitan erregositako barazki eta patata erreekin.

Testuan txertatu dugun bezala, bi proposamenek dagoeneko badute errezeta berri bat eta azalpen bideo bat, pausoz pauso azaltzeko nola prestatu, zein diren elikagaien ezaugarriak edo zein den prestatzeko modurik onena, ahalik eta plater osasungarriena lortzeko. Gainerako errezetak, halaber, Ausolanen webgunean egongo dira ikusgai.

Etxean prestatzeko proposamen berriak

Hori nahikoa ez balitz, Basque Culinary Centerreko BCC Innovation gastronomiako zentro teknologikoaren eskutik garatutako errezeten bideoekin, etxean prestatzeko proposamen kulinario berriak eskainiko dira, eta plater berriak Ausolanek Euskal Autonomia erkidegoan kudeatzen dituen eskola jangeletan zerbitzatuko dira, «hala nahi duten ikastetxeen esku jarriz errezeta gastronomiko berriak, eskola jangelei eboluzionatzen laguntzeko», adierazi dute arduradunek.

Esan bezala, ekimena Ausolanen hezkuntza proiektuan sartzen da, eta indartu egiten du konpainiak menu askotarikoak eta orekatuak diseinatzeko apustua, tokiko osagaiak eta produktuak aukeratzearekin batera, plateren prestaketa eta lan egiteko modua jasangarriak izan daitezen ingurumenarentzat eta kokatuta dauden ingurunearentzat.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Eskoletako menuak birplanteatuz, errezeta berritzaileen bidez

Eskoletako menuak birplanteatuz, errezeta berritzaileen bidez