'Eskailerapeko', Karmele Jaiok konfinamendu betean idatzitako fabula
Arabari eskainita dagoen 'Zirriborroak eta gero' proiektuaren parte da ipuina, mundu posibleei buruzko alternatibak irudikatzen dituena
Nahikari Cayado
Asteartea, 23 ekaina 2020, 20:40
Cristinak, 2Bko bizilagunak, eta Ainhoak, 2Akoak, komunitate osoa mobilizatu dute konfinamendu betean, Jesusa, hirugarren pisuko bizilaguna salbatzeko gakoa izango den artilezko harila lortzeko. Pandemia baino lehenagotik jada arriskuan zegoen komunitate baten parte dira hirurak. Eta kasu osoa 'Eskailerapeko'n ezagutu daiteke, Karmele Jaiok 'Zirriborroak eta gero' proiekturako idatzi berri duen fabulan, konfinamendu betean. Proiektua Arabari eskainita dago. Hura osotzeko idazle ezberdinak gonbidatzen dira, mundu posibleei buruzko alternatiba eta utopien etorkizuna irudika dezaten.
Oraingoan, Karmele Jaioren txanda izan da. Covid-19aren gaitzan aktibatutako zaintza-sareetatik abiatu da idazlea, bere egunerokotasuna auzo-harreman eta zaintzen inguruan oinarritzen duen etorkizuneko eraikin bat irudikatzeko.
Jaiok konfinamendu betean sortu du fabula, eta dioenez, «ez da erraza izan idaztea, distopia baten erdian utopia bat sortzea zaila delako, eta fikzioa idaztea ere zaila delako, hura gainditzen duen errealitate batean murgilduta egonda». Idazleak bizitza errealean gertatzen diren gauza oso zehatzei buruz hitz egin nahi izan du 'Eskailerapeko' ipuinean eta horrela eman die bizia Cristina eta Ainhoa protagonistei, bigarren pisutik bizilagun guztiak mugiarazten dituztenak Jesusari laguntzen saiatzeko.
«Fikzioan esaten da pertsonaia bat ezagutzeko mugako egoera batera eraman behar dela eta egoera horretan zer egiten duen ikusita agerian geratzen dela benetan nolakoa den. Uste dut gure gizarteari antzeko zerbait gertatu zaiola krisi honekin. Biluzik ikusi dugu, eta biluztasun horretan ikusi dugu gure hauskortasuna: zein dependenteak garen, zein garrantzitsuak diren zaintzak, eta hala izan arren, nola zaintza horiei ez diegun ia jaramonik egiten», dio Jaiok. «Birusa iritsi aurretik jada gaixo zen gizarte batean bizi ginen. Fabulan gaixotasun horietako batzuk ikusarazi nahi izan ditut», azpimarratzen du idazleak.
'Eskailerapeko' fabula doan eskuratu ahal izango dute arabarrek, bertako hainbat herritako taberna eta pasabideetan. Era berean, ipuina 'zirriborroaketagero.net' webgunean egongo da eskuragarri, eta Whatsapp eta Telegram bidez zabalduko da ere.
Karmele Jaioren 'Zirriborroak eta gero' proiektuak Arabari eskaintzen dion bilduman argitaratzen den laugarren fabula da 'Eskailerapeko'. Lehenengoa Katixa Agirrek idatzi zuen, bigarrena Iban Zalduak, eta hirugarrena aldiz, Danele Sarriugartek.