Errealitatearen korapiloa
Zer egin hain abiadura bizian aldatzen ari den munduaren aurrean, nola ulertu gertatzen dena, nola jakin ze norabide nahi genukeen, ze bidek garamatzan amildegira eta ze bidezidorrek haranera. Hitz horiekin edo beste batzuekin guztiok ditugu antzeko galderak burmuinean bueltaka.
Gutxienez pentsatzeko eta gure erabakiak gure kabuz hartzeko ohitura dugunok. Hain da neketsua zurrunbilo horren erdian oreka bilatzeko ahalegina, ulertzekoa dela jardun horri ihes egiteko joeraren zabala. Pentsa dezatela beste batzuek, nahikoa lan badut nik burua olatuen gainetik mantentzearekin.
Fede desberdinak dira askorentzat babesleku. Fede erlijiosoak, fede politikoak edo bestelakoak, baina fedeak. Arau jakinak, aldaezinak, batez ere tradizioaren mozorroa duten arauak. Hau beti izan da horrela eta beti izango da horrela hau izango da aldaketengandik defendituko nauen barrikada. Barne bakea iraganean dago, ez orainean ez etorkizunean.
Fokua edozein esparrutan jartzen dugula ere, tirabirak ikusten ditugu, hil nahi ez duen mundu zaharraren eta norabide beldurgarria duen mundu berriaren artekoak. Beti gertatu izan da hori, esaten digu historiak, eta egia da, baina ez oraingo abiaduran, ez hainbeste ahots berri eta kontrajarriren artean.
Horregatik lortzen dute besterik ez bada ere behin behineko arrakasta, korapilatsua den errealitateari erantzun sinplea ematen dioten aholkulariek. Egidazu kasu eta ikusiko duzu nola aurkituko duzun barne bakea, nola lortuko duzun itsasoaren haserreari aurre egiteko modua. Jarraitu nire aholkuei eta ez zara damutuko.
Noren aholkuak aukeratzea da zaila, hainbeste aholkugileren artean. Noiz aldatu betikoa zirudiena, noiz eutsi ezagun zaigun horri. Ez gaitu inork horretarako prestatzen, ez digute hain itsaso nahastuan igeri egiten irakatsi, ez eskolan ez etxean. Baina hori da egin behar duguna, nahitaez tokatzen zaiguna. Itoko gara ala bizirik irtengo gara, kaltetuak baina bizirik.