Eneko Aldana forutarrak irabazi du atzoko Muxikako bertso saioa
Udabarria Bertsotan faseko azken saioak gaur jokatuko dira, Zallan eta Derion
Iratxe Astui
Gernika-Lumo
Osteguna, 24 iraila 2020, 16:43
Azken txanpan sartuko da laster aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Hain zuzen ere, gaur arratsaldean jokatuko dira 'Udabarria bertsotan' faseko azken saioak, Zallan eta Derion.
Atzo, bestalde, Muxikako Ariatzako eskoletan eta Berrizko kultur etxean antolatu ziren saioak. Lehenengo agertokian, Eneko Aldana forutarra izan zen irabazlea 178 puntu batu eta gero. Bere atzetik sailkatu ziren Arkaitz Zipitria (175,5) eta Jone Larrinaga (160). Laugarren eta bostgarren postuetan gertu ziren Peru Irastortza (154) eta Aritz Landeta (152). Eta azken postuan sailkatu zen Iñaki Lersundi (116).
Gaiak ematen Leire Garatxena Larrabe ibili zen eta epaimahaian, berriz, Alaitz Etxanobe, Garaxi Arregi eta Jurgi Fuentes. Idazkari beharretan, Itziar Basterretxea Olarreaga ibili zen.
Berrizen jokatu zen saioan, bestalde, Iruri Altzerreka nagusitu zen 170,5 punturekin. Gainerako puntuazioari begira, Mikel Goiriena (169,5) eta Aitor Esteban (150,5), bigarren eta hirugarren geratu ziren, hurrenez hurren. Euren atzetik sailkatu ziren Nahia Ibarzabal (145), Maider Altuna (142) eta Axier Goñi (135).
Itxaro Juaristi ibili zen gaiak ematen Berrizko saioan. Epaimahaian, ostera, ondokoak egon ziren: Ander Arrien, Leire Etxebarria eta Mirari Azula. Idazkaria Karmele Gisasola izan zen.
Gaurko Zallako saioa La Capilla aretoan izango da eta Deriokoa, berriz, Gurea aretoan jokatuko da. Sarrerak Internet bidez erosi ahal izango dira.