Emozioen kudeaketa lantzeko 'Koloreka' disko-liburua, Durangon eskuragarri

Helburua umeekin emozioen kudeaketa lantzeko tresna pedagokioa eskaintzea da, euskaraz. Alaia Martin, Itxaso Paya, Onintza Enbeita, Beñat Gaztelumendi, Unai Elorriaga eta Maria Rivero bezalako artistek parte hartu dute

Miércoles, 4 de diciembre 2024

Zortzi emozioekin lotutako zortzi kolore, zortzi abesti eta zortzi ipuin biltzen ditu 'Koloreka' izeneko disko-liburuak. Durangoko Azokan aurkeztuko den lan berria hezkuntza komunitate, familia zein norbanakoei zuzenduta dago, izan ere, helburua umeekin emozioen kudeaketa lantzeko tresna pedagokioa eskaintzea da, euskaraz. Eskoletan, HH eta LH mailetan ikasleekin landu ahal izateko unitate didaktikoak ere jasotzen ditu arlo ezberdinetako sortzaile eta enpresek osatutako proiektuak eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailaren babesa dauka.

Publicidad

Maria Rivero proiektuaren zuzendariaren esanetan, «euskara hutsean sortutako proiektua da «Koloreka», eta gure ustez oso beharrezkoak dira horrelako egitasmoak Eukal Herrian. Diskoarekin batera datorren liburua zortzi emozioekin lotutako zortzi ipuinez osatuta dago. Bertan, KA izeneko gure protagonistak hainbat abentura biziko ditu, emozio ezberdinak transitatuz».

Hamasei euskal artistek parte hartu dute diskoan, tartean musikariak, bertsolariak eta idazleak. Alaia Martin, Itxaso Paya, Onintza Enbeita, Beñat Gaztelumendi, Unai Elorriaga, Leire Ugadi eta Maddalen Arzallusek idatzi dituzte letrak eta La Basu, Mice (Miren Narbaiza), Maria Rivero, Janus Lester, Odei Barroso, Zuriñe Hidalgo, Dana Dcapricho, Mikel Bizar, Noa Cliff eta Petti abeslariek sortu dituzte diskoaren abestiak zortzi emozioak irudikatzeko: maitasuna, nazka, urduritasuna, poztasuna, tristura, gorrotoa, beldurra eta lasaitasuna.

Jagoba Ormaetxe musika ekoizlearen esanetan «garrantzitsua iruditzen zitzaigun hasieratik umeek eta helduek elkarrekin partekatu ahal izateko proiektu musikala garatzea. Gainera, euskal musikari, idazle eta bertsolari askoren parte hartzea izan dugunez, oso proiektu aberasgarria izan da, bai artistikoki eta baita pedagogikoki ere».

Egia da azaroaren 11tik aurrera disko osoa egon dela eskuragarri plataformetan, eta karaoke-bideo guztiak youtube kanalean, baina disko-liburua fisikoki erosteko ostegun honetan hasiko den Durangoko Azokara itxaron beharko dugu.

Publicidad

Riverorek argi utzi nahi izan duenez, «Koloreka jaio berri den proiektu zabal eta ederra da eta disko-liburua abiapuntua baino ez da izan. Gure asmoa Koloreka proiektuaren ibilbidea luzea eta oparoa izatea da eta hasi gara iada 2025erako ikuskizun multidisziplinarra prestatzen».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad