https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

EMAKUMEON ILEAK

EMAKUMEON ILEAK
Fotolia
Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Gauza jakina da guztion irudia eta batez ere emakumeona hizketagai dela sarritan, batez ere esparru publikoan leku edo lekutxo bat duten emakumeena. Idatzi gabeko hamaika arau bete behar ditu jendaurrean azalduko den emakumeak, politikari, aktore nahiz bertsolari, esaten edo egiten duena aintzat hartuko bada.

Emakumeon itxura arautua dago guztiz, are gero eta anitzagoa den gizarte honetan. Adinaren arabera, gainera, zure janzkerak nortasun agirian datorren jaiotze dataren menpe balego bezala. Janzkera hau zilegi da gazteentzat, ez helduentzat. Hau hondartzara joateko, hura ezkontza baterako.

Eta esparru honetan ez dira bakarrik arropa edo orrazkera sartzen. Ilea non den zilegi eta non debekatu ere arautua dago. Neska batek nerabezaroan sartu bezain laster hasi behar du bere gorputzeko ileen kontra borroka egiten. Buruan bai, hankartean ez, bekainetan bai, zango eta besapeetan ez.

Argizaria, laserra, bizar labana, edozerk balio du gerra honetan. Gure izeba zenak gerra baino lehen ere besoetako ileak sutan erretzen omen zituen, garai batean oilaskoekin egiten zen bezala. Zaharra da, beraz, ileen kontrako emakumeon borroka eta lehen ezkutuan zeuden gorputz atalak begi bistan uzten ditugun honetan areagotu egin da.

Jendaurrean azaldu aurretik, emakume batek depilazioarekin hamarralditako harremanari men egin behar dio. Eta urteek mendekotasun hori aldatzen dute, baina ez gutxitzen. Hankarteko edo besapeetako ileak gutxitzen dira, aurpegikoak ugaldu. Jarrera, ordea, berdina da, gerra kalparra ez den ile guztiei.

Zeresanik ez sareetan. Edozein emakumeri besapean ile bat ikusten badiote, dena da gaitzespen, lege sakratu bat urratzen ari balitz bezala. Nobedade bakarra gizonezkoak dira, lehen gizontasun seinale zena orain zabarkeriaren adierazle baita, baita gizonengan ere.

Agian horrek salbatuko gaitu. Onar dezakegu mundu bazter honetan guztiok ditugula ileak kalparretik kanpo eta horrek ez gaituela lotsatzen?

Temas

Euskera