https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Edertasun eredua

Athletic-eko jokalariak, San Mamesen jokatutako partidu arrakastatsua hasi baino lehen./Fernando Gómez
Athletic-eko jokalariak, San Mamesen jokatutako partidu arrakastatsua hasi baino lehen. / Fernando Gómez
Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Azken boladan neskek egindako kirola hedabideetako lehen orrialdetara heldu da, gutxienez bitan futbolari dagokionez. San Mamesen behin, Anoetan beste behin. Milaka eta milaka lagun bildu dira neska batzuk futbolean nola egiten duten ikusteko. Txalotzeko, animatzeko.

Futbola ia erlijioa da gure artean, baina gizonen futbola, batez ere gizon profesionalen futbola. Jakin badakigu futbol zelaiak bete zituen askok opari gisa hartu zuela sarrera, ez zuela bere patrikatik ordaindu. Zentzu horretan, aipatutako bi partida horiek badute liluratik zerbait.

Zerbait, ez guztia. Bi partida horien azpian kirol asko dagoelako, astero eta ilunpeko bazterretan egindako kirol asko. Eta horrekin batera, gorputzarekiko jarrera berri bat, edertasunarekiko beste irizpide bat, osasunarekin zerikusi handia duena.

Izan ere, duela gutxi arte, neskek eskolarekin batera uzten zuten kirola. Hortik aurrera kirola ikasketekin edo lanarekin nahasten zutenek gutxiengo bat osatzen zuten. Batzuek hedabideetara egiten zuten salto, eta beste batzuek ilunpe horretan jarraitzen zuten, ekin eta jardun.

Orain, berriz, korrika egiten duten emakumez josiak daude bide bazterrak, kiroldegiak, gimnasioak, pistak. Gimnasio batean lan egiten duen entrenatzaile batek kontatu dit oraindik ere emakume askok beldurra diola muskuluen garapenari, kirola egin nahi dutela, baina ez dutela gorputz gihartsuegia nahi.

Zer nahi den, edertasun eredua ere aldatu egin da eta ez emakumeontzat bakarrik. Ikusten dituzu zinema klasikoko aktoreak eta egiaztatzen duzu giharrak ezkutuan dituztela, koipe geruza fin batez estaliak. Oraingoak, berriz, gimnasioan bizi direla dirudi. Baita emakumeak ere. Giharrak ez dira ezkutatzen, alderantziz, azpimarratu egiten dira, azaleratu.

Beste kontu bat da noraino helduko diren kirolari horiek profesional izatera, noraino izango dituzten inguruan kazetariak eta kamerak. Baina kirola, edozein kirol, ez da emakume gazteentzat salbuespen, arau baizik.