Dock of the Bay Zinema Dokumental Musikalaren 13. edizioa ari dira ospatzen egunotan Donostian
Bertan 26 proiekzio eta 7 estreinaldi emango dituzte
unai sarriugarte
Asteartea, 14 urtarrila 2020, 22:25
Dock of the Bay Zinema Dokumental Musikalaren 13. edizioa ari dira ospatzen egunotan Donostian. Astelehenean, urtarrilak 13, hasi zen festibala Gipuzkoako hiriburuko Trueba zinema-aretoan eta larunbatean itxiko ditu ateak Antzoki Zaharrean. Sei egun hauetan hainbat proposamen interesgarri eskaintzen ditu egitarauak. Bertan 26 proiekzio eta 7 estreinaldi emango dituzte.
Sail ofizialean bederatzi ekoizpenek hartuko dute esku. Eta berean, lehiaketatik at dagoen film luzeen atalean, Perfect Day izenekoan, 11 film emango dira ezagutzera. Gainera, 'Paint it black' atzerabegirakoak Daniel Johnston omenduko du. Ameriketako Estatu Batuetako underground eszenako figura garrantzitsuenetako bat izandako maisua pasa den udan hil baitzen.
Gaur, urtarrilak 14, 'PJ Harvey: A Dog Called Money' filma eskainiko dute. Hauxe PJ Harvey musikariaren inspirazioa, konposizioa eta disko baten grabazioa ezagutzeko bide intimoa da. Horrez gain, 'Lil Peep: everybody's everything' luzemetraia ikusteko parada izango dute bisitariek. Terrence Malick zuzendariak produzitutako lan zirraragarria. Film honek Lil Peep artista du ardatz. Emo-trapen ikono izandakoa, hogeita bat urte besterik ez zituela hil zen droga gaindosi batek eraginda. Bat-bateko ospeak eragindako heriotza ugarietako bat izan zen hauxe.
Bestalde, astelehenean, urtarrilak 13, Italiako 'At He Matinee'-k proiektatu zuten. Hauxe 80. hamarkadako munduko klub ospetsuenetarikoa izan zen CBGB, ezagutzera ematen du Walter Schreifelsen zinemagileak, New York hiriaren eta hardcore musikaren bitartez.
Gainera, jaialdiak formatu berri baten alde egin du, Dock of the Bay Elkarrizketak izenekoa. Esparru berri honek Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirolak Departamentuaren babesari eta Musikeneren sinatutako elkarlanaren ondorioa da. Bertan elkarrizketarako toki bat ahalbidetu nahi izan da, zinema eta musika bezalako arloetan murgilduta ibili izan diren bi gonbidatu ezberdinekin.
Urtarrilaren 15ean Garbiñe Ortega, Punto de Vista-ko zuzendari artistikoak, eta Stefano Scarani, musikan doktore eta nazioarteko ekitaldietan ibilbide oparoa jorratu duenak parte-hartuko dute bertan. Urtarrilaren 16an, berriz, Mireia Iniesta, zineko irakaslea eta programatzailea Craft Film Festival-en, eta Aitor Etxebarria, konpositorea eta musikaria bertan egongo dira aurrez aurre. Bi elkarrizketa hauexek Koldo Mitxelena Kulturunean ospatuko dira, 19:00etatik 20:30era bitartera. 'Elkarrizketak' elkarraldietara bertaratu nahi duen edonork email bat bidali dezake info@dockofthebay.es. helbide elektronikora.
Hamahirugarren edizio honetako epaimahaia honako pertsona esanguratsu hauek osatuko dute: Nacho Vegas musikariak; Garbiñe Ortega irakasleak; Punto de Vista-ko zuzendaria artistikoak; eta, Koldo Almandoz zinemagileak, besteak beste.