https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Desamodioaren fruituak

Desamodioaren fruituak

Maitasuna ezagutu dugu, baina jada ezer ez da lehen zena

Harkaitz Cano
HARKAITZ CANO

Pop kantetan eman ditu, beharbada, desamodioak bere fruiturik behinenak. Maitasun ezinezkoarekin batera, ba ote gai maiztuagorik musika herrikoian? Katarsia tristuraren bitartez lortzen du kantagintzak, esango du zenbaitek. Bukle osasungaitz baten perpetuazioa baino ez du lortzen, esango du beste zenbaitek. Maitasun ezinezkoak ('dama bat maitatzen det,/ bainan haren jabe,/ sekulan izateko,/ esperantza gabe') mito erromantikoa elikatu eta sustatzen du; maitasuna ezinezkoa denez, ez da hasi ere egin, edo, idealizatutako une baten ondoren etenik geratu da betikotz, aldare engainagarri batean ukigabe, otoitz paganoetarako puru eta aratz. Amodio ezinezkoaren aurrean paratzea, ase ezin den desio toxiko baten suari erregaia botatzea izan liteke. Desamodioak, aldiz, errealitatearekin lotura gehiago du: maitasuna ezagutu dugu, baina jada ezer ez da lehen zena; idealtzat geneukan sentimendua zapuzten joan da, aspertu egin gara geure bikote bizitzaz, errutinak gain hartu digu edo traba egiten diogu elkarri. Deserosoak dira garai bateko promesak. Arestian xarmagarri zitzaizkigun elkarren akats ttipi horiek jasanezin zaizkigu orain eta partekatutako biografiaren pisua da –kapital sentimental pilatua– bizikidetzan eusten gaituena. Ez dago jada zorion petorik, baina zoriontsu izan ginen behin, eta hori ez da hain erraz ahazten. Seme-alabengatik segitzen dugu teilatupe berean, edo ez daukagulako diru askirik etxe banatan bizitzeko. Bigarren kasu honek eman lezake komedia desdramatizatzaile on bat idazteko ('Splitting Up Together' bezalako telesail bat, demagun).

Oroitzapenen pisua eta geure ahazteko gaitasuna edo gaitasunik eza dira agian desamodioaren aferan garrantzitsuen. Michel Gondryren '¡Olvídate de mí!' filma litzateke zentzu horretan eredugarri. Charlie Kaufmanen eskua nabaritzen den gidoi zoragarri honetan, oroitzapenak modu selektiboan ezabatu daitezkeen hipotesiarekin lan egiten duen kirurgialari batengana doaz harremana hautsi dutenak, bikotekide ohiarekin lotutakoak oro burutik kenduko dizkieten esperantzan. Desamodioa nozitu eta burutik erauzi nahi dute, oso osorik eta kosta lain kosta, tumorea balitz bezala. Ebakuntzaren erdian, mutila jabetuko da uste baino oroitzapen on gehiago dauzkala neska horrekin, ez dituela galdu nahi. Anestesiaturik dago, ordea. Nola moldatu erauzi nahi dizkioten oroitzapen horiek ez galtzeko? Filma, protagonistaren garunean gauzatuko den katuaren eta saguaren arteko jazarpen bihurtuko da une horretatik aurrera.

Taberna-zuloa

Desamodioaz idatzi nahi denean, badira idazle batek inolaz ere egin beharko ez lituzkeen gauza batzuk: hasteko eta behin, debekatua, desamodioa pairatzen ari den pertsonaia taberna-zulora edatera bidaltzea. Bekatu hori egina naizelako daitort. Botilaren hondoan kontsolamendua bilatzen duen pertsonaia kloniko eta autosuntsitzaile lar jarri ditugu jada zirkulazioan. Terminator bat sortuko nuke, ahal izatera, iraganera itzuli eta horiek denak ezabatzeko. Estereotipo zaharrak desterratzeko sasoian gaude. Zaila da, egia, tristeziaz eta dolu suerte bati buruz hitz egin gabe desamodioaz idaztea. Desamodioa frakasotzat hartzen dugulako eta heriotza ttipi bat ere badelako, neurri batean, gorputzaren endekatzea eta zikloen amaiera gogorazten dizkiguna; dekadentziaren eta desengainuaren ispilu aurrean jartzen gaitu, eta, akaso, zerotik hasteko antsietatea sortu ere bai (baina Gariren kantuak dioen legez, 'zenbat aldiz hasi liteke zerotik?').

Bizimodu praktikoak bere galdeak, pasioak bere legeak; nola ezkondu bi aldeak? Desamodioa interesgarria da amaierari buruz ari delako, amaiera errazik ez dagoelako, arrazoiekin edo gabe errudun sentitzen den jendeaz ari garelako. Egiak krudelak eta eraldatzaileak direlako. Zaila delako lokatz konpartitu horretatik onik eta duin ateratzea, norbere burua edo ingurukoak mindu gabe. Amaiera bat dagoen lekuan, hasiera bat ere egon liteke, ordea ('bila dezagun beste lekuetan'); frakaso sentipenetik ihes egin eta dolua bazterturik autoafirmazio/ bilaketa fase batean sartzen da gure protagonista. Helburu bat dauka: labirintotik atera behar du eta beste labirinto baten bila hasi. Deus ez izugarriagorik, labirintorik eza baino!

Jorge Herralde editoreari entzun nion behin bi 'long seller' izan dituela berak katalogoan gaiarekin lotuta. Alessandro Bariccoren 'Zeta' batetik, eta Hanif Kureishiren 'Intimitatea', bestetik. Lehena, amodioari lotua; bigarrena, desamodioari. Bikote hasiberriek oparitzen ei diete elkarri Bariccorena. Kureishirenak, ostera, harreman luze bat eten ondoren katarsi literario gisara funtzionatzen bide du. Literatura erraien eta buruaren arteko esgrima denez, borroka-zelai mamitsua izaten jarraituko du luzaro desamodioak.

Temas

Euskera