David Guaporen saioa irailaren 26 eta 27an Kubik aretoan
Saioa 22:00etan izango da bi egunetan
paul picado
Osteguna, 19 iraila 2019, 22:27
David Guapo bakarrizketariak bi saio emango ditu Gasteizko Kubik aretoan irailaren 26 eta 27an. Saioaren izenburua #quenonosfrunjanlafiestan1 da, bere bakarrizketa ezagunaren berrikuspena dena. Bi saiotarako sarrerak dagoeneko salgai daude, 15,5 eurotan, eta hemen eros daitezke. Kubik aretoko ateak 21:30ean irekiko dituzte, baina saioa 22:00etan hasiko da. Gutxi gorabehera ordubete eta laurdeneko iraupena du, eta 7 urtetik gorakoentzat zuzenduta dago.
David Guapo, berez, David Callejón da, eta oso denbora gutxian ezaguna egin da. Umorista, aktorea, bakarrizketari eta abeslaria da. Hain zuzen ere musikari gisa hasi zen Bartzelonan, eta San Frantziskon ibili zen blues musikariekin jotzen. Bi urte eman zituen han, eta disko bat ere kaleratu zuen.
Baina Europara itzuli zen, eta zenbait herrialdetatik birak emanda, Bartzelonako aretoetan jotzen hasi zen. Kanta bat amaitu eta bestea hasi baino lehen azalpenak ematen zituen, eta hor, umorea ere tarteka erabiltzen zuen, berak dioenez, ikusleen arreta erakartzeko.
Horrela, zenbait bakarrizketari-lehiaketetan parte hartu eta gero, Berto Romero umorista ezagunak saio batean ezagutu, eta Buenafuente saioan kolaboratzaile gisa aritzeko aukera eman zion 2008an. Harrezkero beste saio batzuetan ere parte hartzen hasi zen, hala nola El hormiguero, Ya te digo, La mañana (COPE), El club de la comedia, Sé lo que hicisteis... eta Tu cara me suena. Zineman ere aritu da, esaterako, «Sin Rodeos» (2018), «Señor, dame paciencia» (2017) eta «Barcelona, noche de invierno» (2015) filmetan.