Datorren astean izango zen Hazparneko Bertso Eguna maiatzaren 22ra arte atzeratu dute
Lapurdiko gaur egungo osasun-egoera dela eta antzokiak itxita daude
Paul Picado
Asteazkena, 20 urtarrila 2021, 18:55
Jakin badakigunez osasun-egoerak okerrera egin du berriro, eta horrek, antolatzen ari diren eta antolatuko diren ekitaldi guztietan eragiten du. Horrela, Lapurdin, esaterako, antzoki guztiak itxi dituzte, eta, hori dela eta, ezin da kultur arloko inolako ikuskizunik egin.
Horrenbestez, datorren urtarrilaren 30erako iragarrita zegoen Hazparneko Bertso Eguna ezingo da egin, eta oraingoz, maiatzaren 22ra atzeratu egin dute. Egun horretan, Sustrai Colina, Elixabet Etxandi, Amets Arzallus eta Maialen Akizu bertsolariak ariko dira. Gai-jartzaile gisa Aimar Karrika izango dugu. Saioa Mendela gelan egingo da, 17.00etan.
Zuzenean edo online jarraitzeko aukera izango da. Zuzenean ikusteko sarrerak hemen eros daitezke. Kontuan hartu behar da leku kopurua mugatua dela, eta saioaren egunerako, osasun-egoera dela eta, leku kopuru hori murriztu badute, kronologikoki saldu diren azken sarrerak itzuliko direla. Bestalde, gehienez, hiru lagun jarri ahal izango dira elkarrekin. Saioa online jarraitzeko sarrerak hemen eros daitezke. Horri dagokionez, egun batzuk lehenago bidaliko dute posta elektronikoz saiorako esteka.
Datorren asterako jadanik erositako sarreren kasuan, antolatzaileak sarrera erositakoekin harremanetan jarriko dira, eta bi aukera emango zaizkie. Alde batetik, dirua itzultzea, eta bestetik, maiatzeko saiorako sarrera gordetzea.
Antolatutako gainerako Bertso Egunen datak, oraingoz, mantendu egingo dira. Beraz. urteko lehen Bertso Eguna datorren hilean izango da, otsailak 13, Iruñeko Gayarre antzokian. Hor, Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira bertsolariak ariko dira, eta gai-jartzaile gisa, Ainhoa Larretxea.