La Cubanaren 'Adiós Arturo' antzalana, Bilbon Aste Nagusian

Umorez betetako bizitzaren aldeko kantu hori abuztuaren 11tik irailaren 9ra izango da Arriaga Antzokian

Elcorreo.com

Martes, 1 de mayo 2018

Arriaga Antzokia Bilboko Aste Nagusiaren erdiguneetako bat izango da beste urte batez. La Cubana konpainiak bere azken lana, 'Adiós Arturo', eskainiko du, abuztuaren 11tik irailaren 9ra eta antzezlana ia hilabete batez egongo da karteldegian. Denbora horretan 29 emanaldi programatu dira.

Publicidad

Arriaga Antzokira hurbiltzen direnei ahoan irribarrea jarriko dien eta ukitu surrealistak dituen komedia zoroa eskainiko zaie. Izan ere, 'Adiós Arturo' bizitzari egiten zaion kantua eta bizitza hori indar osoz bizitzeko apelazioa da. Komedia, La Cubanaren ezaugarriak diren osagaiekin dago osatuta, ezustez eta umorez betetako ohiko estilo paregabearekin, ikus-entzuleen partaidetzarekin, etab.

'Adiós Arturo' lanak antzerkiari buruz hitz egiten du. Gure eguneroko bizitzan egiten dugun antzerkiaz; kalean, merkatuetan, gure lanean, familian, gure adiskideen artean eta, nola ez, gizartean dagoen antzerkiaz, bertan gure antzezle izaera hedatzen baitugu, mota guztietako ekitaldietan, 'paripeetan', festetan, ezteietan, bataioetan, jaun hartzeetan eta hiletetan. Izan ere, La Cubanarentzat bitxia eta erakargarria da edonorren bizitzaren baitan eragina duen gidoi bikoitza, alegia, azalarazi nahi dugun gidoia eta guretzako bakarrik babestu nahi dugun gidoia.

Sinopsi laburra

Katalan jatorria zuen bere aitak Bilbon mediku gisa lan egiten zuenez, 1917an berton jaio zen Arturo Cirera Mompou nazioarteko artista polifazetikoa. Orain, 101 urte zituela hil ondoren, ikus-entzuleek idazle, margolari, eskultore, arte bildumazale, poeta, musika konposatzaile, dramaturgo, antzezle eta zuzendari bilbotarraren bizitzaren «benetako gidoia» ezagutu ahal izango dute.

'Adiós Arturo' lanerako sarrerak astelehenean, apirilaren 30ean, jarri ziren salgai, ohiko salmenta kanaletan: www.teatroarriaga.eus helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan. Prezioak 12 eta 36 euro artekoak izango dira, eskaini ohi diren beherapen ugariak eta ikus-entzulearen egunak kontuan izan barik. Horrez gain, hasierako eskaintza azpimarratu behar da, bi hilabetez luzatuko dena. Horri esker, Adiós Arturo lanerako eserleku guztiak %20ko beherapenarekin eskuratu ahal izango dira, ekainaren 29a baino lehen erosten badira.

Publicidad

Arrakastaren sinonimoa

La Cubana antzerki konpainia arrakastatsuenetakoa da, 38 urteko ibilbidearekin eta 18 ikuskizunekin. 1980an sortu zuten Vicky Planak eta Jordi Milánek (egungo zuzendariak). Bokazio erabat amateurrarekin sortu zen Sitgesen, baina 1983an profesional bilakatu zen jadanik.

Arriagako ikus-entzuleek konpainia horren hainbat ikuskizunez gozatu ahal izan dute. Azkenengoak, 2013ko udan Arriagako karteldegia hartu zuen Campanadas de boda, eta Mamá quiero ser famoso, bederatzi urte lehenago, 2004an. Biak ere oso arrakastatsuak izan ziren kritikaren eta ikus-entzuleen ikuspegietatik. Ikus-entzule beteranoenek, Arriaga Antzokian bertan ikusi ahal izan genituen Cómeme el coco, negro edo Cegada de amor ere gogoratuko dituzte.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad