«COBRA eta Cancer Bats elkartu nahi nituen Berri Txarraken jotzen nuenetik»
Bi taldeek Bilboko Stage Live aretoan joko dute asteazken honetan, 20.00etatik aurrera
COBRAren jarraitzaileak zorioneko daude. Bilboko rock/metal taldeak Stage Live aretoan joko du asteazken honetan, 20.00etatik aurrera (erosi sarrerak, hemen). Hala ere, ez da kontzertu normala izango. Zergatik? Ba laukote euskaldunak Cancer Batsekin batera joko duelako, pandemiaren ondoren lehen aldiz Europan zehar biran dabilen Kanadako hardcore talde ezagunarekin, hain zuzen ere. «Aukera paregabea izango da bi taldeen kontzertu kañeroez gozatzeko, eta oso ondo egongo litzateke Liam gurekin kantatzera animatzea. Auskalo zer gerta daitekeen!», dio David Gonzalez baxu-jotzaileak.
Bi taldeek Bizkaiko hiriburuan, Madrilen, Castellonen eta Bartzelonan joko dute maiatzaren 11ra bitarte. Eta, Gonzalezek talde honetako kideekin oholtza gainean egotea zer den badaki ere, COBRAk eta Cancer Batsek agertokia eta bira partekatuko duten lehen aldia izango da. «Berri Txarraken eman nituen urteetan ezagutu nituen talde indartsu honetako kideak, eta Liam Cormier abeslariarekin adiskidetu nintzen. Hortik aurrera, jaialdi eta kontzertu ezberdinetan elkartu ginen, eta gurekin jotzen zuten guztietan, abeslariak 'Denak ez du balio' abestiaren ingelesezko zatia kantatzen zuen». Hori ikusita, baxu-jotzaileak Cancer Bats COBRArekin elkartu nahi izan zuen, eta bandan argi izan zuten Liam Cornierren ahotsa primeran egokituko zela beraien estiloarekin.
Hor hasi ziren COBRAren eta Cancer Batsen arteko lankidetza posible bat prestatzen, eta, 2020an, COBRAk 'Fyre' diskoa grabatu zuenean, argi izan zuten 'We are next' kantua Cancer Bats taldeko abeslariaren neurrira egina zegoela. «Berak abestu behar zuen zatiaren letra pasatu genion eta handik astebetera Torontoko estudio batean grabatutakoa pasatu zigun bere zati kantatuarekin. Asko gustatu zitzaigun, baina zoritxarrez diskoa atera genuenean pandemia heldu eta dena gelditu zen. Beraz, elkarrekin jotzeke geunden, eta orain, azkenean Europara etorri direnean, proiektuari berriro ekiteko ordua iritsi da», dio.
Beraz, galdu nahi ez baduzu, joan zaitez Bilboko Stage Live aretora asteazken honetan, 20.00etan eta bi talde hauen erritmo itzelez goza ezazu. Mereziko du!
Zinea eta musika uztartzen dituen taldea
Cancer Bats taldearekin joko duen Bilboko taldeari dagokionez, azpimarratzekoa da orain dela 19 urte elkartu zirela lau musikariak abestiak egiteko asmoarekin. Hau da, Josu Luengok (gitarra. Evirus69) eta David Gonzalezek (baxu-jotzailea. Berri Txarrak) beste talde batean elkarrekin jotzen zuten, eta, bukatu bezain pronto, COBRA sortu zuten. Gero, Haritz Lete (abeslaria. Kokein) eta Ekain Elorza (bateria. Morgan) batu ziren, eta, hortik aurrera, elkarrekin «musika egiten duten lagunak» bihurtu dira. Izenari buruz... Zinea eta musika nahastea zen euren hasierako ideia, eta, horregaitik, George P. Cosmatos zuzendariaren film klasikoaren COBRA izenburua jarri zioten talderari. Euren letrek eta taldearen estetika zein izenak zinearekin harreman estua izan dute beti. Orain arte, lau disko ('The strong arm of the rock', 2007; 'Thriller', 2011; Covered, 2012; Riffyard, 2016 eta 'Fyre', 2020) eta zinemako banda soinuen EP bat atera dituzte.
Cancer Bats, bestalde, Torontoko (Ontario) hardcore punk talde kanadarra da, 2004an sortua. Orain arte, estudioko zazpi album eta hedatutako sei lan kaleratu dituzte, eta LP berriena, Psychic Jailbreak, 2022ko apirilaren 15ean kaleratu zen. Taldea Liam Cormier abeslari nagusiak, Mike Peters bateria-jotzaileak, Jaye R. Schwarzer baxu-jotzaile eta gitarristak eta Jackson Landry gitarristak osatzen dute. Azken hori Scott Middleton gitarra-jotzaile sortzaileak 2021ean alde egin ondoren iritsi zen. Bere estudioko diskoak honako hauek dira: 'Birthing the Giant' (2006), 'Hail Destroyer' (2008), 'Bears, Mayors, Scraps, & Bones' (2010), 'Dead Set on Living' (2012), 'Searching for Zero' (2015), 'The Spark That Moves' (2018) eta 'Psychic Jailbreak' (2022). Era berean, hamar EP ditu.