Chamfort eta euskaldunak
Metafisikak ihes egiten digula euskaldunei, esango nuke
Nicolas Chamfort (1741-1794), irakurtzen ari naizela, esaldi hau topatzen dut: «Je dirais volontiers des métaphysiciens ce que Scaliger disait des Basques: –On dit qu'ils s'entendent; mais je n'en crois rien». Euskarara ekarrita: «Pozik esango nuke metafisikoei buruz Eskaligerok euskaldunei buruz esandakoa: –Esan didate elkar ulertzen dutela; baina ez dut sinesten». Bere horretan hartuta, esaldiak balirudike euskaldunak eta metafisikoak maila berean ipintzen gaituela. Eta hori, herri dogmatiko eta eskolastiko honetan, poztekoa ez ezik, harrotzekoa ere izango litzateke. Baina jakinik, Chamfort, moralista gehienak bezala, pesimista porrokatua zela eta, horretaz gain, txantxazale eta ironikoa, pentsatzekoa da ez zuela berak, komunikatzeko gaitasunari dagokionez, iritzi onik ez metafisikoei ez euskaldunei buruz. Metafisikoek erabiltzen dituzten hitz handinahi eta absolutuak gorrotatzen zituen. Nahiago zuen hitz egiteko modu apalagoa eta, seguru asko, zintzoagoa. Baina, batez ere, metafisikoetan arbuiagarrien zitzaiona zen haiek beren errealitatetik ihes egiteko zuten modua.
Nietzschek estimatzen zuen Chamfort eta idatzi zuen oso gertu zeudela bera eta beste filosofoak, hala nola Montaigne, Fontenelle, La Rochefoucauld, La Bruyère, antzinako pentsamendutik, eta benetako ideia gehiago erakusten zituztela Alemaniako filosofo guztiek elkarrekin batuta baino. Alemaniak, topikoaren arabera, poeta metafisikoak sortu ditu; Frantziak, moralistak: Ilustrazioaren garaira arte, bederen. Espainiak, mistikoak: Donibane Gurutzekoa, eta Avilako Teresa, besteak beste. Chamfortek aipatutako esaldi horrekin esan nahi zuen metafisikoek, elkarren artean hitz eginda ere, ez zutela elkar ulertzen, euskaldunek elkarri ulertzen ez zioten bezala. Baina galdera da ea Chamfortek entzun ote zien sekula euskaldunei hizketan. Erantzunak, dena dela, ez du batere garrantzirik; euskaldunok, orain artean gutxienez, bizi izan gara Chamforten iritziaren beldurrik gabe, beste askoren iritziarengatik kezkatu gabe ere bai. Geure iritzikoak, nonbait, euskaldunok.
Euskal literaturak, goitik behera eta behetik gora hartuta, ezin esan poeta metafisikoak sortu dituenik, ezta moralistak ere, XVII. mendeko frantziarrek ematen zioten zentzuan, ezta mistikoak ere, nahiz itzulpen ederrak egin dituzten mistikoenak. Metafisikak ihes egiten digula euskaldunei, esango nuke, baina ez hizkuntzari lepora dakizkion huts eta akatsengatik. Topikoa da esatea, eta gezurra ere bai nonbait, euskaldunok ez dugula mendeetan zehar abstrakziorako hizkuntzarik sortu. Zalantza dut gaur egun Axularren 'Gero' irakurtzen duen gazte ondo hezi eta ilustratu batek ea zerbait ulertzen ote duen. Baina, lehendabizi, argitu beharko genuke zer ulertzen dugun «ulertu» aditzarekin. Seguru nago 'Gero' irakurtzeko gauza direla euskaldun letratu gehienak, hitz bat bestearen atzetik esateko eta azalean bederen zer esaten duen jakiteko. Beste kontua da, ea hitz horien azpian dauden kontzeptuen jabe egiteko gauza ote diren. Testu batek izan ere, irakurketa modu bat baino gehiago ditu. Testuak unean berean esaten duena irakurtzen dugu, baina ez idatzitako unean esan nahi zuena. 'Gero' idatzi zuenak, zeukan euskara maila horrekin, edozein testu idatz zezakeen, metafisikoa edo moralista ere bai. Baina ez zuen egin. Zergatik ez zuen egin galderari erantzuteak argi lezake zer den euskal literatura, eta zergatik bizkar eman zion Frantziatik hasita Europan barrena zabaltzen ari zen pentsamenduari, metafisikoa izan gabe, moderno zenari.