Burger King berrerabiltzeko edukiontziak erabiltzen hasiko da proba gisa
Ingurumenarekin lagungarriagoa izatea bilatuko duen egitasmoa Loop erakundearekin elkarlanean eramango du aurrera
UNAI SARRIUGARTE
Asteartea, 27 urria 2020, 20:40
Burger King berrerabiltzeko edukiontziak erabiltzen hasiko da proba gisa. Ingurumenarekin lagungarriagoa izatea bilatuko duen egitasmoa Loop erakundearekin elkarlanean eramango du aurrera. Ekimena Estatu Batuetako (New York eta Portland) eta Japoniako (Tokio) zenbait jatetxetan martxan jarriko da datorren urtean.
Hala, ontzi espezifiko hauek kontsumitzen dituzten bezeroek diru kopuru konkretu bat ordainduko dute gordailu gisa, eta, produktuak kontsumitu ondoren, edukiontziak itzultzen badituzte, diru gordailu hori bueltan itzuliko zaie. Zikin dauden ontziak Loppek jasoko ditu, eta, konpainia hori arduratuko da ontzi horiek garbitzeaz eta desinfektatzeaz, eta, berriro ere erabiltzeko prest daudenean Burger King-i itzultzeaz.
Burger Kingek eta Loopek abiarazi nahi duten ekimena aurrerapauso ikaragarria da ingurugiroarentzat jateko ditugun dinamika kontsumitzaileen barnean. Proiektu honetaz gain, Burger King azken urteotan jasangarritasunaren esparruan neurri bat baino gehiago hartzen hasia da, batez ere elikadura industriak sortzen dituen zabor kopuru ikaragarriak ahal diren heinean gutxitzeko asmoz.
Burger King ez da gaur egun Loop erakundearekin elkarlanean dabilen janari azkarreko multinazional bakarra. Izan ere, McDonaldsek ere Erresuma Batuan berrerabiltzeko edalontziak erabiliko dituela iragarri du Loopen eskutik.
Loop pasa den urtean jaiotako eco-friendly plataforma da. Honen bidez gizartean gehiegi erabiltzen diren edukiontzi kontaminatzaileen berrerabiltzea bilatzen dute, plastikoen erabilera ahalik eta gehien murrizteko asmoz. Erakunde honen atzean nazioarteko hainbat konpainia ospetsu daude, Nestle edota Axe, tarteko.