Bertso Udalekuak barrutik, ETB 1eko 'Hitzetik Hortzera' saioaren denboraldiaren lehen atalean
Eider Perezek aurkeztutako saioan, udalekuak gertutik ezagutzeko aukera paregabea izango dugu; baita abuztuan zehar plazak utzitako aleak entzuteko parada ere
Zurekin
Ostirala, 10 iraila 2021, 22:15
Ikasturte berriarekin batera itzuliko da 'Hitzetik Hortzera' gure etxeko pantailetara, larunbatean 21.00etan, eta igandean 15.00etan, ETB1en. Bertso Udalekuak gertutik ezagutzeko aukera paregabea izango dute interesdunek; baita abuztuan plazak utzitako aleak entzuteko parada ere.
Bertsolaritzaz gozatzeko aukera ugari eskaintzen ditu uda garaiak; tartean, Bertso Udalekuak. Hainbat haur, gazte, begirale eta sukaldari elkartzen dira urtero Bertso Udalekuetako txandetan, eta denboraldiko lehenengo saioan Irañetakoan murgiltzeko aukera izango du 'Hitzetik Hortzera' saioak, larunbatean eta igandean, ETB1en eta eitb.eus-en.
Euskal Herriko hainbat txokotan egiten dira urtero Bertso Udalekuen txanda bat baino gehiago. Aurten, egoerak baldintzatuta izan bada ere, elkartu eta bertsoaz gozatzeko modu ezberdin eta berezi bat izan dute Euskal Herri osoko hainbat haur eta gaztek. Irañetako txandan izan da Eider Perez, bertsolariak etorri diren egunean hain zuzen ere, eta bertako protagonistekin solasean aritzeko aprobetxatu du.
Donostiatik Berriozarrera
Bertso Udalekuetako saioaz gain, Berriozarkoan eta Donostiakoan ere izango dira saioko arduradunak. Berriozarren, abuztuaren hondarrean, urteroko bertso jaialdia antolatu zen; eta Donostiako Piratek antolatutako Kabotajea 2021 programaren parte izan zen bertso saio musikatuaz ere gozatuko dugu aurreneko saio honetan.
Horrez gain, June Diaz ALBE Algortako Bertso Eskolako kidearen bertsoaldi kuttuna ezagutzeko aukera izango dute ikus-entzuleek, eta 2016ko Xilabako finalera egingo dute jauzi berarekin.
Ez galdu, beraz, 'Hitzetik Hortzera'ren buelta: larunbatean 21.00etan, eta igandean 15.00etan, ETB1en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.