Baudelaire
Gizaki zintzoa, tamalez eta ezinbestean, gizaki zuhurra zen
Kaleratu berria da 'Gaitzaren loreak' Baudelaireren poema guztiak euskaraz biltzen dituen liburua, literatura frantsesean itzuliena, bestalde. Ahantzi gabe, hurrengo baterako utzi nahi dut, hartarako abagunerik badut bederen, itzulpen horrek euskal letrei ekar diezaiekeenaren azterketa sakonagoa. Une egokia dela deritzot berari buruzko gogoeta sano eta aurreiritzirik gabea egiteko. Baudelairek, poeta gisa, estetika berri bat sortzen du, Frantzian bera jaio aurretik zeuden bestelako estetikak ahantzi gabe, edo bazterrera bota gabe. Azken finean, naturan bezala, artearen munduan deus ez da hutsetik sortzen; bizi nahi duen orok aurrekoari darraio, eta jarraipen horretan datza bere iraupena. Ez alferrik, iraun-nahia jarraipen-nahia baino ez da; bizi denak, izan ere, jarraitu nahi du bizialdian.
Erromantizismoarekin hautsi zuela diote kritikariek. Egia da, baina hori bezain egia da La Rochefoucauldek edo Pascalek ekindako bidetik segitu zuela. La Rochefoucauldek gizaki 'zintzo'aren balioak aldarrikatu zituen, gizakia gizakiarentzat otso zen garaian. Badakigu, ordea, zerbait aldarrikatzen denean bera gainbehera doan seinale izan ohi dela. Zintzotasuna, dohain gisa, galtzera zihoan unean idatzi zuen La Rochefoucauldek. Gizakien arteko harremanetan norberaren interesa gailentzen zela erakutsi zuen, gogor eta krudelki: egiten duguna oro geure interesaren alde dela, baita esku zabaltasunez jokatzen dugunean ere, edo urrikalmenduak jotzen gaituenean ere. Gortea zen, garai hartan, ororen eredu, eta gorteko harresiaren aurka jotzen zuten pasio eta grina gaiztoek. Gizaki zintzoa, tamalez eta ezinbestean, gizaki zuhurra zen. 'Caute'.
Pascalek zintzotasunaren esanahia are urrunago eraman zuen, jansenismoaren arauei lotu baitzen. Jansenismoa zintzotasuna berreskuratzeko modua izan zen, hasieran, baina beste esanahia eman zion gerora. Pascalen-tzat gizakia ez da inoiz dohatsu izango, laguntzarik gabe, noski; justiziarik ez dago, Pascalentzat, indarraren lagun-tzaz ez bada; eta egia zein den ezin jakin dugunez, beraz, egiten duguna oro espekulazioa da, edo itxurakeria: La Rochefoucauldek bazekien. Trabes egin beharra dago, galdu ala irabazi. Pascalek goresten zuen gizakia fedeak eta fedeari eusten ziona zen.
La Rochefoucauld eta Pascalen jarraitzailea izan zen Baudelaire, ez zentzurik estuenean, baina bai orokorrenean. Dandya, garaiak garai, gizon zintzoa da, errealitate eta ingurune anker bati aurre egin nahi diona, jakinik aukera gutxi duela garaile ateratzeko. Pascalek bere garaiko bizioak eta grina gaiztoak kritikatu zituen, La Rochefoucauldek bezala. Biek ala biek uste zuten gizakia goi-mailatik eroria zela, bekatu eta zorigabean, eta hortik ateratzeko, gaitz horretatik sendatzeko, zuzendu beharra zuela, itzuliz nolabait jatorrizko egoerara. La Rochefoucaulden moralak gorteko giroa islatzen du, non azpijokoa, norberaren interesa, bekaizkeria eta handi-handia gailentzen diren, beste dohainen kalterako. Pascalen moralak egiaren alde jokatzen du, jakinik egia Matematiketan aurki daitekeen bezala, moralaren alorrean ezinezkoa dela. Baudelairek bere garaiko giroa gaitzesten du, alde batera utzi dituelako zintzotasuna eta zuhurtzia, eta interesaren alde, alegia, interes burgesaren alde jokatu duelako.