Batzen gaituena
Euskara batua. Arestik euskaldun herritarrek darabiltzaten hitzak hartu zituen, pentsamenduz eta iraganez kargatutako hitzak
Ez litzateke ideia txarra izango idazten hastea eleberri bat edo ipuin luzetxoa bestela, euskara batua nola sortu zen kontatuz, eta, geroaren geroaz, nola indarra hartu zuen eta zein neurritan zabaldu zen, elikadura emanez, milaka euskalduni ez ezik, baita euskararik gabeko herrikideei ere. Ez zuten atera, haren nondik norakoa ezagutzen ez duenak pentsa balezake ere, kalabaza tripontzi bat sorotik ateratzen den bezala, indar eta ahalegin handirik gabe. Lurra, izan ere, zabala zen eta landua. Ez alferrik Bizkaian, Gipuzkoan, Lapurdin, Nafarroa bietan eta Zuberoan, hitz egin eta idatzi izan da mendeetan, nork bereari eutsiz, idazketak eta hitz egiteak berez dakartzan kezkak lagun.
«Nire hizkuntzaren mugak nire munduaren mugak dira», idatzi zuen Wittgensteinek. Hizkuntzak errealitatea deskribatzen digu eta ikusten ere laguntzen. Hizkuntza idatzia munduko errealitatea adierazteko sortu zen, benetako egia itxurakotik bereizteko, eta horrela ez galtzeko bizitzaren etorbide ilustratuetan. Hizkuntza ahozkoa hitz egiteko sortu zen, nork bere ingurukoekin, bere familiarekin, lagun-adiskideekin, jaun-jabeekin, jainkoekin. Azkenik, nork bere buruarekin solastatzeko, une larrietan, une lazgarri eta itzulbiderik gabean.
Nola esan hitzez ezin esan daitekeena? Hiztunak belaunaldiz belaunaldi jasotako hitzak erabiltzen ditu, eta esan nahi duena esaten du, eta esan nahi duena esateko hitzik ez badu, asmatu egiten du, ahal duen neurrian, naturari ostuz bere erakustaldiak. Kontzeptuak adieraztea zailagoa da, hizkuntza jasoa ez bada. Aspaldiko euskaldunek, esaterako, inguruan gertatzen zenari buruzko iritzia bazuten, derrigorrez, gertatutakoaz ere gogoeta egiteko baliabideak bazituzten, eta naturaren gertakariak nola ematen ziren ikasi egin zuten, adibidez animalien eta bestelakoen soinuak zertan ziren, haiek interpretatzea ezinbestekoa zitzaielako bizirik irauteko. Erleen hizkuntza ezagutzera iritsi ziren, eta txolarre batek aukera izaten duela ilargiaren isla uretan edateko ere bai.
XVI. mendekoa da Etxepareren liburua, eta XVII.ekoa Axularrena. Oraindik bada euskal idazleen artean Axularrekiko lilura nolabaitekoa, 'Geroa' imitatzeko nahia. Idazten hastea imitatzen hastea da. Arestik eskuz idatzi zuen 'Geroa' osorik. Horretarako daude maisu eta maistrak. Krutwigek lapurtera klasikoa proposatu zuen batasunerako hizkuntza-eredutzat. Baina idatzizkoa ez da ahozkoa. Literaturaren tradizioa eta euskara bizia uztartu behar zela esaka ari ziren euskal munduan euskara batuaren bila zebiltzanak: Koldo Mitxelena, Xabier Kintana, Txillardegi, Juan San Martin… Batasunaren auzia, beste auzi askorekin batera, eztabaida-mahaiaren gainean jarri zuten urteak ziren haiek: hirurogeiko hamarkada. Kulturako beste ataletan ere, artistak mugitzen ari ziren. Gizartea esnatu berria zen frankismoaren lozorrotik, eta bizirik zegoela frogatzeko kultura berpiztu behar zuten.
«Euskera popularra defendituko dut beti», esan zuen Arestik. Zer zen, ordea, euskara popularra Arestirentzat? Herrikoa, noski. Arestik euskaldun herritarrek darabiltzaten hitzak hartu zituen, pentsamenduz eta iraganez kargatutako hitzak, ordea, ñabarduraz jositakoak, euskal hizkuntzaren logika-kateari lotzen zaizkionak oraindik. Hizkuntza erabilgarri eta era berean ulergarria egin beharra zegoen, euskaldun guztientzat. Berak aitortu duenez, berregin behar zen hizkuntza batekin topo egin zuten. Arestik buruan zuen katalanen eredua, Pompeu Fabraren lan miresgarria.
Izan ere, hizkuntza normalizatu batek denentzat baliagarri behar du izan, denek erabiltzeko normak eta arauak ekarri behar ditu. 1968ko urrian, Arantzazun burututako batzarrean, Euskaltzaindiak euskara batua sortu zuen. Galde daiteke zer dela-eta iritsi den horren berandu euskararen batasuna. Erdararen eragina zabalduta zegoen alde guztietan, batetik. Euskararen beraren muga itxiengatik, bestetik. Ahaztu gabe, euskaldunok erakusten dugun mesfidantza gurea ez den edozeren aurrean: probintziakeria, gaur «txokokeria» deitzen duguna. Galde daiteke, era berean, zein diren euskara batuaren ajeak, zein diren gaur egun aurrean dituen oztopoak.
Koldo Mitxelenak esan zuen, Gabriel Arestiz ari zela: «Euskeraren batasunari buruz bera izan da, segur aski, eragilerik gogorrena. Luzaroko bizirik ez zuela jakin izan balu bezala, beti presaka zebilen, beti zirika, nagiak nola akuilatuko. Zenbait aldiz, batasun zaleak ere aspertuxe zeuzkan ezinegon hori zela medio. Hari eskerrak, ordea, heldu gara heldu garen punturaino».
Aitaren etxea, guretzat, euskara batua da. Arestik bezala defendituko dugu.