Barrutik kanpora
Gure izuen arabera ematen dugu hitza, eta esperantzen arabera betetzen
Gauzak diren bezalakoak dira, horrek ez du aitzakiarik, alferrik gabiltza bestelakoak direla sinetsi nahian. Bihotza eta arrazoia bat datoz, alde horretatik begiraturik. Itxita gaude, nor bere etxean, nor bere gelan, nor bere txokoan, eta ezin jakin noiz aterako garen. Mundua bitan banatu zaigu: lehengoa, batetik, gerokoa, bestetik.
Estutasunaldietan, larrialdietan bezala, barnera sartu eta bertan biltzeko joera gogortu egiten da, zabaltzearekin batera. Ahuldu, aldiz, nor bere inguruan barreiatzeko jaidura. Ez dezagun pentsa gure belaunaldiak baino lehenago inork ez duela halako nahigaberik bizi izan. Lehendik ere, eta mundua mundu deino, izan dira gerrak eta triskantzak, izurriteak eta gaixoaldiak ugari, milioika hildako eragin dituztenak gainera; eta ezin jakin ahal kalteak zenbatekoak izan diren. Halakoetan ere, gizakiak mundua bitan banatu izan du: aurrekoa eta atzekoa, alegia gerokoa. Batzuek errazago begiratzen dute atzera, aurrera baino. Frantziako Iraultza bazetorrela askok sumatu zuten, zantzuak nabarmenak zirelako, eta lehertutakoan (iraultzak lehertu egiten baitira, ez dute isilik eta hanka- punttaka etortzeko zaletasunik) harritu ez baziren ere, inoiz irudikatu ez zuten moduan jo zituen. Talleyranden esaldia dugu adibide: «Iraultza aurretiko urteak bizi ez dituenak ezin jakin dezake zer gauza den biziaren gozotasuna». Bertoluccik 'Prima della Rivoluzione' pelikulan aipatzen du sarrera gisa. Izurriteak munduari buruzko ikuskera goibeltzen du, mundua bera ilunduz, eta, ondorioz, segurtasuna adimenean kordokatzen, eta zalantza nagusitzen. Gero, zer? Talleyrandek irauteko kemena izan zuen; irautea izan zen haren bizibide. Ez zuten bera suntsitu ez iraultzak ez kontrairaultzak, ez Inperioak ezta Errestaurazioak ere. Chateaubriandek kontatzen du, Vienako Biltzarra egindakoan, 1814an, Talleyrand et Fouché ikusi zituela aretora elkarrekin sartzen: «Bat-batean, ate bat ireki eta isilean grina gaiztoa traizioaren besotik sartu zen».
Alemanian Hitler nagusitu aurretik, pentsalari eta zuhurtzia handiko jende askok aldarrikatu zuten, susmo baino gehiago ziren aztarnak ikusiz, bazetorrena izugarria izango zela. Horietako bat Stefan Zweig izan zen: 'Atzoko mundua' idatzi zuen, 1941ean, eta bertan bazihoan mundu baten deskribapena egin zuen. Esaldi batekin geratuko naiz: «Formula bat bilatzerakoan, Lehen Gerra aurretiko garaia, ni sortu eta koskortu nintzen garaia azaltzekotan, asmatuko nuke esango banu segurtasunaren aldia izan zela». Bigarren Gerra lehertu zen (gerrak lehertzen dira eta leherrarazten dute). Europa larrutu, txikitu eta birrindu zuten. Zweigek ihes egin zuen, beste askok bezala.
Itxita gaude eta zer gertatuko den ez dakigu. Bakoitza bere izuak bizi du, eta bere esperantzak hauspoa ematen dio, batzuetan irauteko adina baino ez. Gure izuen arabera ematen dugu hitza, eta esperantzen arabera betetzen. Aldi oro gertatzen da, lehia publikoan edo pribatuan, izuaren eta esperantzaren arteko borroka. Izua eta esperantza ez baitira inoiz elkarrekin ezkonduko, adimena eta fantasia bezala. Udaberria da, sentitzen dut leihotik barrena sartzen, indar eta kemen handiz, ez lehenik ez gerorik ez balego bezala. Urtaroek ez dakite gaixotasunez eta gaitzez, denborak ere ez. Isiltasunak bai, bakardadeak ere bai. Bizitza amets, Calderón de la Barcak irudikatu bezala, Segismundo printzea kateaturik eta isolaturik deskribatuz.
Denok egiten dugu amets. Fantasiak toki urrutikoetara, edo ametsetan soilik ikusitako lurraldeetara ihes egiteko gogoa pizten du nire baitan. Musika bidaide, lasaitasun egoeran eta kezka denboran ere bai. Mahlerrek Hirugarren Sinfonian ezagunak zituen parajeak gogorarazten ditu: zelai heze, lore galai, zitu zori, abere erneak, gau eta egun, goizabar eta ilunabar, zorion eta zoritxar. Straussek Alpeetako usaina, Aaron Coplandek Apalatxe mendietako doinu eta joerak. Musika pieza goi mailakoak dira, gorentasunez inguratuak, maisu lanak. Mistika, azken finean, zentzumenez ikusten ez duguna eskuratzeko nahia, bertan sarturik, betiraunde gozoan aritzeko. Itxialdiko engainuak, iraun nahiaren trikimailuak.
============OP04 FIRMA opinión (54733155)============