https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Jon Barberena bertsolari eta idazle nafarra zendu da

Jon Barberena bertsolari eta idazle nafarra zendu da

Elizondokoa 2007ko eta 2008ko Nafarroako Bertsolari Txapelketetan txapeldunorde izan zen

UNAI SARRIUGARTE

Jon Barberena bertsolari eta idazle baztandarra hil zen atzo, irailak 12, 40 urte zituelarik. Euskadi Irratiak baieztatu zuenez ondoezak jota hil zen. Barberena 2007ko eta 2008ko Nafarroako Bertsolari Txapelketetan txapeldunorde izan zen, eta «Izoztu zitzaigun negu hura» (2016, Denonartean) liburuaren egilea da. Egun euskara iraskalse gisa zebilen.

Bertso munduan hainbat urtetan ibili zen Elizondoko bertsolaria. Txapelketak albo batera utzi zituen duela urte batzuk. Baina, arlo horri lotuta egon zen azken boladan. Izan ere, Baztango Bertso Eskolako kide eta irakasle izan zen. Nafarroako Bertsolari Txapelketan bi alditan txapeldunorde izateaz gain, 2003. eta 2014. urteetan Xalt eta Mariano Izeta sariak irabazi zituen.

Gainera, literaturaren arloan ere ibilitakoa zen, poesian bereziki. Pasa den urtean Lauaxeta olerki saria irabazi zuen «Neguko gaba» obrarengatik. Esparru honetan beste zenbait aitortza ere jaso izan ditu: 2016. urtean, Iruñea Hiria Poesia Saria jaso zuen «Izoztu zitzaigun negu hura» lanarengatik eta Iruñeko Udalak antolatutako Egile Berrientzako Kultur Lehiaketan, berriz, hiru garaikur irabazi zituen 2011n, 2013an eta 2015ean.

Heziketa Fisikoan diplomatua eta Gizarte eta Kultur Antropologiako lizentziaduna zen. BERRIA Komunikazio Taldearekin harreman estua zuen eta kolaboratzaile zebilen Nafarroako Hitza-n. Bere azken artikulua hedabide honetan pasa den ostiralean plazaratu zuen. Era berean, Ttipi Ttapa aldizkarian zenbait kolaborazio egin zituen Barberenak.

Nafarra ikus-entzunezkoen arloan era ibilitakoa da. Angel Illarramendik «Baztan» luzemetraiarentzat sortutako soinu bandaren letra burutu zuen 2012. urtean. Era berean, 2004 urtean Baztandarren Biltzarrerako Iñigo eta Imanol Goikoetxeak sortu zuten abestiari letra egin zion. 2015. urtean, berriz, Elizondon ospatu zen Nafarroa Oinezeko abestirako letra jorratu zuen.