https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Balak txistuka

Balak txistuka
Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Ezaguerara heldu bezain laster guztiok dakigu zein izango den bizitzaren bukaera, nola bukatuko diren gure abenturak eta zorionekoak edo zorigaiztokoak. Heriotza, hasieran, zaharren kontua dela uste badugu ere, halako batean ulertzen dugu gazteak, are haurrak, hil daitezkeela, hiltzen direla.

Helduaroan hasten gara heriotzaren hurbiltasuna antzematen eta sentikizun hori areagotu egiten da zahartzaroan, betiko garela pentsatu nahi badugu ere. Orduan balak txistuka pasatzen zaizkizu, ia egunero, batzuetan egunean behin baino gehiagotan, hurbil hurbiletik. Txistuka.

Gure aita zena bulegoko enplegatua zen gerra zibila abiarazi zutenean. Ez omen zituen armak ehiztari gisa ere ezagutzen. Gudaria izan zen eta kontatzen zuen frontean balen txistua nabaritzen zuen bakoitzean makurtu egiten zela eta eskarmentu handiagoa zutenek esaten ziotela txistu egiten duen balak ez duela arriskurik, joana delako. Akabatuko zaituen balak ez du txisturik egingo, hori gutxienez ikasi omen zuen.

Pixkana, desagertzen direnen hutsak zure bizitzara heltzen diren harreman berriak baino ugariagoak dira eta zuk sumatzen duzu guda oinaren aurrealdean zaudela, joan direla zure aurretik zeudenak eta ez dagoela babestuko zaituen lubakirik. Batzuk analitika eredugarriak zituztela hil dira, beste batzuk gaixotasun luze baten ondorioz, horrela esaten baita hiltzailearen izena aipatu nahi ez denean.

Duela gutxi aspaldiko lagun zaharrak biltzen zituen topaketa batean, norbaitek proposatu zuen bertako bakoitzak, txandaka, bost minutu izango zituela bere gaixotasunak edo ingurukoenak kontatzeko eta handik aurrera ez genuela gaixotasunik aipatuko. Esan zuen hori egiten zutela aspalditik anai-arrebak biltzen zirenean, bestela gaixotasunek bileraren denbora guztia jan zezaketelako.

Eta halere, balak txistuka pasatzen dira etengabe. Bitartean esaten diozu zeure buruari alferrik dela makurtzea, hilko zaituen balak ez duelako txisturik egingo.

Temas

Euskera