Baionako Etxepare Lizeoa Frantziako Estatuko Ikastetxe hoberena izendatu dute
Lapurdiko hiriburuko zentroak puntuazio hoberena eskuratu du, 2.315 ikastetxetatik lehendabiziko postuan sailkatu delarik
UNAI SARRIUGARTE
Ostirala, 25 martxoa 2022, 20:39
Baionako Etxepare Lizeoa Frantziako Estatuko ikastetxe hoberena izendatu dute. Lapurdiko hiriburuko zentroak puntuazio hoberena eskuratu du, 2.315 ikastetxetatik lehendabiziko postuan sailkatu delarik. Izan ere, Letudiant webguneak urtero lantzen du zerrenda esanguratsu hauxe. Hala, aste honetan kaleratu dute 2022. urteko sailkapena. Bertan hainbat irizpide hartzen dira aintzat, Baxoa azterketan ikasleek lortzen dituzten emaitzak, esaterako.
Hitz gutxitan, sailkapenak zentro bakoitzeko ikasleek azken bi urtetan izandako bilakaera akademikoa aztertzen du. Azterketa honetan kontutan izandako ikasturteak 2020 eta 2021 urtetakoak izan dira, ezohiko urteak izan direnak, koronabirus pandemia tarteko. Bertan Baxoaren bi modalitateak izaten dituzte erreferentziatzat, Orokorra, eta, Teknologikoa.
Pasa den urteko datuei erreparatuz gero, murgiltze ereduan ikasitako 97 ikasle aurkeztu ziren goi mailako ikasketak lantzeko giltza ematen duen Baxoa azterketara. Guztiek eskuratu zuten hauxe gainditzea. Era berean, % 94ak 'mention' izenekoa lortu zuten, nota altuak aintzatesten dituen aipamena, hain zuzen ere.
Nabarmentzekoa da Baionako Etxepare ikastetxeko eragile anitzek borrokan daramatzaten urte mordoa, ikasleei Baxoa euskaraz egin ahal izateko aukera ahalbidetzeko, euskarazko murgiltze ereduan bereganatu dituzten ezagutzak euskaraz defendatzeko.
Hori dela medio, pasa den urteko ekainean desobedientzia egitasmoa gauzatu zuten lizeoko zenbait ikaslek, Filosofia azterketa euskaraz idatzi zuten, Frantsesez erantzun beharrean, egoera errotik aldatu behar dela aditzera emateko. Hortaz, Brebeta eta baxoa euskaraz egiteko erreibindikazioak aurrera jarraitzen dute, Parisek horiek euskaraz egiteko aukera ahalbidetzen ez duen bitarte.