Atzo eta gaurko emakumeak, Barakaldon
'Por nosotras, borrokalariak!' irudi bilduma aurkezten du Abigail Palacio Valerak Udal Erakusketa Aretoan
irati alonso
Larunbata, 5 martxoa 2022, 22:46
Emakumeek atzo izan zuten, gaur duten eta bihar izango duten papera aldarrikatzen da urtero martxoaren 8an. Zientzia, kultura, politika, ekonomia eta beste hainbat arloetan ezinbestekoak direla gogorarazten da, berdintasunera heltzeko eman diren pausoak oroituz. Horretan dabil ere Abigail Palacio Valera, erreferente diren emakumeak batu dituela 'Por nosotras, borrokalariak!' erakusketan. «Artearen bitartez emakumeen eskubideak jorratu nahi izan ditut», azaltzen du Palaciok. Bilduma ikusgai dago martxoaren 21era arte Barakaldoko Udal Erakusketa Aretoan.
Hamabost pinturek osatzen dute erakusketa hau, bitan banatzen dena. Batetik, iraganean modan, politikan, feminismoan eta beste hainbat arloetan garrantzitsuak izan diren figurak batzen ditu, hala nola, Olympe de Gouges, Simone de Beauvoir, Coco Chanel, Clara Campoamor edo Frida Kahlo. «Eskubideen lorpenean eta ohitura eta jarrera aldaketan ezinbestekoak izan diren emakumeak nabarmentzen ditut», adierazten du gazteak.
Gerra ere sartu du atal honetan, izan ere, «gizonak borrokatzera joan zirenean etxeko neskek paper garrantzitsua hartu zuten. Momentu horretan baieztatu genuen guk bakarrik aurre egin ahal geniola egunerokoari». Hau propaganda paperetan ikusten zen, eta horregatik Palaciok hauetako bat margotzea erabaki zuen, Txinako erregimenak bidalitako bat hain zuzen. Honetan eta aurrekoetan ere, testu txiki bat jarri du gazteak irudiekin batera, testuingurua ezagutzera emateko asmoz. «Pinturez gain atzean bizi zuten momentua azaldu nahi izan dut, ezinbestekoa iruditzen zaidalako piezak ulertzeko», nabarmentzen du margolariak.
Ikustezinak izan diren emakumeak ere aipatu ditu Palaciok iraganeko zatian. Kasu honetan baserritarrak irudikatu ditu, familiagatik oso hurbil izan duen mundua delako. «Mutilen alboan agertzen ziren neskak dira. Lurreko lana egiten zuten eta gero umeak zaintzen zituzten. Izugarrizko esfortzua egiten zuten eta ez zaie aitortzen», salatzen du. «Gainera, ez zuten diru propiorik, hortaz, gizon baten menpean bizitzera behartuta zeuden. Horregatik egin nahi izan diet omenaldi hau», azpimarratzen du.
Erakusketa
-
Non Udal Erakusketa Aretoa
-
Noiz Martxoaren 21era arte
-
Ordutegia Astelehenetik ostiralera, 11.00-14.00 eta 18.00-21.00
-
Doakoa Librea
Teknologien eragina
Orain gertatzen ari dena uztartu du bigarren zatian Palaciok. Horretarako, hainbat gai jarri ditu mahai gainean pinturen bitartez, genero indarkeria, desparekotasuna edo borroka esaterako. Azken hau azaltzeko euripean oihuka ari den emakume bat irudikatu du. «Injustizia eta amorru hori sentitzen dugun momentua erakutsi nahi izan dut», azaltzen du Guztiek helburu berdina dute: erakusketara hurbiltzen direnei hausnartzera animatzea.
Bestalde, mugaz haratago begiratu nahi izan du Palaciok, beste herrialde batzuetako emakumeen erretratuak jarri dituela ikusgai Barakaldon. Hauekin, mezu «oso garrantzitsu» bat botatzen du: «Gure herrialdean lortzen ari garen eskubideak kontuan izan behar dira baina ez dugu ahaztu behar munduan zehar hainbat emakume oso egoera txarrean daudela. Hauek ere lagundu eta babestu behar ditugu».
Azkenik, aldizkari batean ikusi zuen silueta «perfektu» baten moldaketa erakutsiko du margolariak. «Instagramek eta teknologiek orokorrean min handia egiten dute eta gorputz ideal horiek atzean uzten saiatu behar gara. Emakumeok garen bezala maite behar gara», aldarrikatzen du indar handiz.
Azken finean, egunerokoan bizi ditugun egoerak irudikatu ditu Palaciok. Ingenieritza ikasi zuen eta horretan egiten du lan gaur egun, baina betidanik gustatu zaio margotzea. Duela hiru urte eman zuen izena akademia batean eta ordutik, pandemia tartean, gero eta gehiago pintatzen joan da. «Erakusketa honek biltzen dituen piezak konfinamenduan eta hurrengo hilabeteetan egindakoak dira, arduratzen nauen gaien ingurukoak».