AsteRkaria

Zure gorputza eta beste kontinente batzuk

Martes, 19 de agosto 2025, 00:41

Pasa den asteazkeneko 'First Dates' saioan, Murtziako mutiko batek –sardexka zailtasunez erabiltzen zuelarik– bere karpoko tunelaz hitz egin zion Alicanteko neska bati: «Tengo hecho puré el túnel carpiano». Antza denez, denok dugu halako bat besoan: pasabide estu bat, noizean behin estutu eta eragozpenak sortzen dizkiguna.

Publicidad

Nabigatzaileek –Martin Behaim– mundua kartografiatu bitartean, medikuek –Migeul Servet– gorputza kartografiatzen zuten. Paralelismo horrek bi arloetan hitz antzekoak erabiltzea ekarri zuen. Ziurta gaitezen AAren laguntzaz:

Hementxe, barruan, karpoko tunela eskumuturrean –karpoan– dagoen egitura anatomiko estua da; nerbio medianoa eta hainbat tendoik bertatik igarotzen dute. Tunel hori karpoko hezurrek (azpialdean) eta ligamentu karpiano transbertsalak (goialdean) osatzen dute. Irudikatuz, karpoko tunela zubi baten azpiko pasabide estu baten antzekoa da: zubiaren azpitik zuntzak eta harien antzeko egiturak igarotzen dira. Han, kanpoan, Eurotunela dago: Manxa Kanala zeharkatzen duen itsaspeko tunela, 1994an irekitakoa. Trenbide-tunela da, eta bidaiarien garraioaz gain, ibilgailu pribatuen eta kamioien garraioa ere ahalbidetzen du.

Hemen, barnean, pelbis-zorua da pelbisaren behealdean kokatzen den gihar, lotailu eta ehun konektiboen multzoa. Barrunbe pelbikoko organoei euskarria ematen die. Han, Costa Rican, zoru hezea edo lur limosoa bereizten da: limo proportzio handiko lurzorua da, partikula oso finak dituen sedimentu emankorra, ura eta nutrienteak ondo atxikitzeko gai dena.

Atlas mendikatea Erdialdeko eta Hego Amerikako mendikate handiena dela esaten da batzuetan, baina benetan Afrika iparraldean dago, Sahara basamortutik ipar-mendebalderantz. Zehazki, Marokotik Tunisiaraino hedatzen da, Mediterraneo itsasoaren eta Atlantiko Ozeanoaren artean. Hementxe, Atlas hezurra edo atlas ornoa –euskaraz lehen zerbikal-orno– da bizkarrezurraren lehen orno zerbikala, garezurraren oinarrian, burmuin-hezurraren azpian kokatua. Izenak latinetik datoz, eta horren atzean greziar mitologiako Atlas erraldoia dago, lurra -eta kasu honetan, burua- eusten zuena.

Publicidad

Bertan, sudur-hobiak sudur-trenkadak bereizten dituen bi barrunbe dira, ahoaren gainean, buruan kokatuak. Arnas aparatuaren lehen atala osatzen dute, airearen sarrera eta irteera egokituz. Usaimena ere bertan kokatzen da. Han, Ozeano Barean, Marianetako itsas hobia dago, Mariana uharteetatik 200 kilometro ekialdera: Lurreko fosa ozeaniko sakonena da.

Aitzulo pasabide irekia eskaintzen duen harpe edo leize ikusgarri bat da, Oñatin kokatua, Araotz haranaren muturrean. Anatomian, betzulo edo begi-zulo begiak kokatzen diren barrunbeetako bakoitza da. Zugarramurdiko barrunbea, ahoa, urdaila, bihotza… denak dira barrunbeak.

Publicidad

Aralargo gandorra eta iliako gandorra… Gorputza, bakoitza bere aldetik, kontinente bat da; leihotik ikusten dudan hondartza kontinentez beterik dago. Hau da zorabioa...

Neskak karpoko tunela txarto daukan tipoari arretaz begiratu zion, erliebezko mapa baten aurrean balego bezala. Alicanteko neskak ez zuela bigarren zitarik nahi adierazi zuen, eta Murtziako mutilak ere ez zuela errepikatzeko asmorik. Banandu ziren kontinenteek egiten duten bezala: mantso, zaratarik gabe, baina ziurtasun geologikoarekin –elkar ez zutela gehiago ukituko.

En fin.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad