Adobestock
AsteRkaria

Zuhaitzari begira, basoa ahaztu

Martes, 14 de octubre 2025, 00:08

—Dena ondo zihoan… berak zuhaitzak besarkatzeari ekin zion arte —esan dit Jabik, nire lagun minak.

Publicidad

—Zuhaitzak? —errepikatu dut, tentel moduan.

—Beste ezer ez dugu egiten. Asteburu honetan bertan Otzarretako pagadian egon gara —argudiatu dit, adibide gisa.

—Otzarretan?

—Ale batzuk ehun urte baino zaharragoak dira —gehitu du, bere bikotekidearen jokabidea nolabait justifikatu—ulertu agian—nahian.

Oinak biluztu, eta ondoan duen arbola besoekin inguratzen du; hortxe eta halaxe, sakonki arnasa hartuz, minutu bukaezinak ematen ditu. Nik begiratzen diot, urrutitxotik. Eta hala igarotzen dugu goiza edo arratsaldea; batzuetan bata, batzuetan bestea; noizbehinka, goiza eta arratsaldea biak ere. Dioenez, 'arboterapia' —berak shinrin-yoku deitzen dio— praktikatzen duenetik beste emakume bat da: oxitozina handitzen zaiola, eta kontaktu, harreman horrek kortisol murrizten diola. «Oxitozina… lagun! Eta kortisola…»—kontatzen dit.

—Astean zehar Maialenek basoei edo zuhaiztiei buruzko informazioa bilatzen du edonon, eta arratsalde batzuetan Bolintxu bidean dagoen haritz gazte bat laztantzera doa; bere burua harekin ageri den argazkiz beteta daukagu etxea —azaltzen dit.

—Izen bat ere jarri dio, eta, beraz hitz egiten duenean, pertsona bati —are gehiago, maitale bati— buruz ari balitz bezala dirudi: «Aritzi adar berria hazten ari zaio». «Aritzi udazkena antzematen zaio dagoeneko: lozorroan dirudi, eta beraren hostoek urre zaharreko tonuak hartu dituzte» —dio, Maialenen ahotsa imitatuz.

Publicidad

Ni, berriz, jeloskorrago sentitzen naiz —aitortzen dit. Une batez begiak altxatzen ditu, parkearen hondorantz; begietan nahasmen puntu bat islatzen zaio: nola arraio gertatzen ari zaio hori berari?

—Bizitzan arazoak sortzen direla badakizu; maitasunean ere, batzuetan hirugarrenak agertzen dira. Baina sekula ez zenuen imajinatuko zuhaitz bat —arbola triste, madarikatu bat— izango zenik erdian sartuko zena —kexu egiten da. Motoserra bat erosi eta gau batean bertan zuhaitza botatzekotan dagoela.

—Laguntza behar duzu —esan diot, psikologo baten premia zuela adierazi nahian.

—Bai, deituko dizut: bakarrik ezingo dut kabroi hori akabatu…

Egia esan, istorio honek ez du aparteko garrantzirik; joan den astean, askoz ere berri esanguratsuagoak gertatu dira gaizki-ulertu hau baino. Azkenean ere, bakea Gazara heldu omen da; selekzioko jokalari batek ziurtatu digu fumigatzen gaituztela; Cayetano eta Bárbara ezkondu egin dira; jakin dugu Saturnoko ilargi batean bizitza adimentsua egon litekeela eta, agian, NATO-tik kanporatuko gaituztela. Txistorrak, senide gertu baten heriotzagatik hamar eguneko baimena, Andaluziako kribatuak, Madrilgo hondamendian hil diren —Dambelé, Jorge eta Alfa— etorkinen izenak, Corinak lorturiko Nobel saria, Trumpen kamusada…

Publicidad

Bai, aste honetako zutabea osatzeko nondik eta zertatik tiratzeko hari ugari, soberan, neuzkan. Hala ere, hemen nago, bikote horren desadostasun batek hartuta, zuhaitzari begira: edozein gauetan irudikatzen dut neure burua enbor bat linterna batez argitzen, eta, edozein unetan, udaltzainak harrapatuko gaituzten beldurrez. Senti dezaket jada goizaldeko freskura; belarrean gure urrats urduriak, lo dagoen hiriaren isilaldi hauskorra… haritza larre gainera erorita, hilzorian.

Bai, dena ondo zihoan… harik eta berari zuhaitzak besarkatzea otu zitzaion arte. Bai, -arrazoia duzue- ikasi behar dut ezetz esaten.

En fin

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad