«Aitak, begiak malkotan, begiratu eta esan zidan: 'Oihukatu!' Orduan denek oihukatzen zutena oihukatzen hasi nintzen».
Publicidad
Badago Manuel Rivasen ipuin zoragarri bat, 'La lengua de las mariposas'. Narrazio horretan oinarriturik, José Luis Cuerdak izen bereko istorioa filmatu zuen –gezurra dirudi– 1999an. Pasatu diren urteak diot… Filme horretan Fernán Gómezek «umeak jotzen ez dituen» eta denek maitaturiko maisu min baten papera egiten du. Funtsean Don Gregoriok Galiziako herrixka galdu horretara gizarteari buruzko ikuspuntu etikoa –eta iraultzailea– eramango du. Baina tamalez gerraurreko egoera politikoak dena urardotuko du. Don Gregorio gizajoari, hormarako bidetik doalarik, harrika eta errieta egingo diote, beldurraren beldurrez, hilabete batzuk lehenago miresten zuten auzoko guztiek.
Ikaragarria iruditu zait beti beldurragatik, obedientzia itsuagatik edota inertziagatik egin daitekeena. Erosoa da, pentsatzeari uzten diogulako, baina artaldearen portaera horretan aurki dezakegu gizateriaren aurkako krimen handienen arrazoia.
Beti pentsatu nahi izan dut jarrera horiek iraganeko kontuak direla: Alfredo Astiz eta Jorge Acosta bezalako errepresio-egile ankerrak kartzelatik atera zituzten 1986 eta 1987ko 'Punto final' eta 'Obediencia debida' Argentinako legeak; 'Nuremberg defentsa', gizateriaren aurkako krimenen errudun diren nazi askoren abokatuek erabili zutena; Vietnamgo 'My Lai' kasua, edo, are hurbilago, arrazonamendu juridiko horren bidez justifikatzen saiatu ziren Abu Ghraibekoa.
Bizitzen ari garen gertaerek iragan horretara bueltatu garela erakusten digute. Horra hor soldadu israeldarren jokabidea; Netanyahuren agintari militarrena. Agian lo egingo dute, behar den obedientziaren argudioari esker: nik agintzen didatena egiten dut, besterik ez; biztanleria zibila bonbardatzen dut, laguntza humanitarioren kamioiak gelditzen ditut tenienteak eskatzen didalako; eta tenienteari kapitainak; ez daukat ezer pertsonalik gaixo horien aurka. Buruzagitzak helarazten dizkidan eta eztabaidaezinak diren aginduak betetzen ditut. Horra hor, ere Trumpen lausengarien gortea, bereziki Vance, presidentea inguratzen eta txalotzen duena bere dekretuak sinatzen dituen bitartean edo bere muga-zergez inolako irizpiderik mehatzen gaituelarik. Horra hor Ukraniako inbasioa bedeinkatzen duen Eliza ortodoxoaren patriarka.
Publicidad
Ehunka milioi pertsonari buruz ari gara, inertziak beldurtuta edo gidatuta; zor den obedientzia argudiatzen dutenak.
Esandakoa zalantzan jarri gabe eta aurka egin gabe betetzen duten nerabeek kezkatu egiten naute; beldurra ematen didate ezer zalantzan jartzen ez dutenek, arrazoi bat, motibo bat eskatzen ez dutenek, agindutakoaren zergatia galdetzen ez dutenek. Obeditzea pentsatzea baino errazagoa da; horregatik da hain arriskutsua. Zer egiteko gai izango ote dira agintari, buruzagi edo botere arbitrario baten aginduen pean? Otoi, gure seme-alabek beti azalpen bat eska diezagutela, eta guk ematen ez diegunean aurre egin diezagutela: horixe izango da haien espiritu kritikoa landu dezakegun lehen seinale itxaropentsua.
– «Tximeletaren mihia tronpa bat da, erloju-malguki bat bezala kiribildua»– azaltzen zien bere ikasleoi Don Gregoriok. Portzierto gero eta pinpilinpauxa gutxiago ikusten dira. Ez dakit…
En fin.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión