https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Askatasuna tantaka

Pertsona askok jarraituko dute pentsatzen askatasuna, askatasunak, tantaka eman behar zaizkigula emakumeei./
Pertsona askok jarraituko dute pentsatzen askatasuna, askatasunak, tantaka eman behar zaizkigula emakumeei.
Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Askatasunik libreena adierazteko, haizearen irudia erabiltzen dugu. Haizea bezain libre. Haizea, ordea, ez dabil nahi duen norabidean. Inguruko baldintzek bultzatzen dute batetik bestera. Haizeak ez du adimenik ez borondaterik. Beraz, ezin du libre izan.

Naturako indarrek gobernatzen dituzte haizeak. Libre izateak, lehenik adimena eskatzen du, erabakiak hartzeko gaitasuna, inguruko indarrei amore ez emateko ahalmena. Eta gero borondatea, nik hau egingo dut, debekuak debeku, aurpegi txarrak aintzat hartu gabe. Nahi dut eta egingo dut.

Duela mende erdi askatasuna aipatzen genuenean, batez ere politika genuen gogoan, diktadurarik gabe bizitzeko aukera adierazi nahi genuen, inguruko herrialdeetan zilegi zena guretzat ere nahi genuelako. Laster ikasi genuen amets genituen askatasun izpi haiek ez zirela aski, gehiago nahi genuela, libreago izan nahi genuela.

Hori baitu askatasunak, ez duela mugarik, beti zabal daitekeela eta beti muga daitekeela, beti egongo direla lortutako askatasunak gehiegizkoak direla esan eta haiek mozten ahaleginduko direnak. Hor daude, zaldi gainean edo oinez, emakumeok urrutiegi joan nahi dugula pentsatzen dutenak eta horien artean ez dira falta esandakoa egiten ahalegintzen direnak.

Ausartenak garrasi batean adierazten dute hori, baina gehienek ez dute ausardiarik eta emakumeon eskubideen alde daudela esatearekin batera jartzen dituzte oztopoak han eta hemen. Iruditzen zaie norabidea zuzena izan daitekeela; ez, ordea, abiadura. Mantsoago joan behar dugula pentsatzen dute, askozaz polikiago.

Onartuko dituzte, ahots apalez, martxoaren zortziko mobilizazioak, hartuko dute parte bertan argazkilariren bat eskura badago. Baina jarraituko dute pentsatzen askatasuna, askatasunak, tantaka eman behar direla, eman behar zaizkigula.

Horrek esan nahi du oraindik gehiago bultzatu behar dugula, askoz gehiago, jakin badakigulako gaurko nekea biharko indarra dela.

Temas

Euskera