Borrar
Urgente Este el contrato firmado por Cerdán que demuestra que es dueño del 45% de la empresa de la trama
Leon XIV Aita Santua. EFE
Territorios

Pauso bat aurrera, bi atzera

Elizak ez du iraun modernoa edo progresista izateagatik, justu kontrakoagatik baizik

Sábado, 7 de junio 2025, 00:04

Aita Santu berria Leon XIV deituko zela entzun nuenean, berehala etorri zitzaidan akordura eliza katolikoaren dotrina sozialaren zimenduak jarri zituen Leon XIII.aren 'Rerum novarum' entziklika, orduko axolagabetasun erlijiosoa nolabait zuzendu nahi izan zuen dokumentu gisa ere har daitekeena. Nire belaunaldian jaiotako baten kasuan, arraroa da horrelako testuen ezagutza lauso bat edukitzea ere, baina, hain zuzen ere, Zuzenbide ikasketak amaitu nituenean, giza eskubideek eliza katolikoaren baitan izan zuten harrerari buruz egin nuen doktoretza-ikastaroko tesina, eta, oraindik ere, entziklika izenburu batzuk buruan iltzatuta ditut. Esan nezake tiradera batean aspaldi ahaztua dagoela tesina hori, hauts eta armiarma-sare artean momifikatua, baina ez litzateke egia izango, artxiboak gordetzen ditudan ordenagailuan baitago, karpeta isolatu batean, word formatuan. Frantziar Iraultzatik hasi, eta Joan Paulo II.aren garairaino aztertu nituen elizaren eta giza eskubideen artekoak. Alde batetik, Hans Küng, Karl Marx, Max Weber, Rousseau, Jon Sobrino edota Xabier Etxeberria bezalako egileak irakurri nituen. Eta, bestetik, noski, garaian garaiko Aita Santuek kaleratutako entziklikak eta agiriak. Gehienak Donostiako Seminarioko liburutegian eskuratu nituen. Urte betez jardun nuen horretan. Ez naiz berriro gai horretara itzuli, baina Aita Santu berriaren izendapenak eta Kapera Sixtinoko tximiniatik duela gutxi irten zen ke zuriak orduko ikerketara eraman naute berriro.

Ez dezagun ahaztu tesina idatzi nuen garaian, 2000. urte inguruan, Joan Paulo II.a giza eskubideen aitzindaritzat jotzen zutela. Eta orain arte Frantzisko Aita Santuaz esaten zirenak entzutean, irri maltzur moduko bat irristatzen zitzaidan. «Betikoa, alegia». Nire tesinaren mezu nagusia dantza terminoetan laburbildu beharko banu, horrelako zerbait esango nuke: pauso bat aurrera, bi atzera. Alegia, aurrera zoazelako itxurak egin, baina atzeraka dantzan jarraitu (bitxiki, Leninek izenburu hori bera jarri zion bere lanetako bati). Eta atzeraka diodanean, ez naiz espazio fisikoaz edo areto batez ari, denboraz baizik. Atzera egin giza eskubiderik ez zegoen garairaino, elizaren urrezko aroraino.

Tesinaren amaierako ondorioetatik ateratako pasarte bat ekarriko dut lerrootara: «Nahiz eta badirudien Leon XIII.arekin elizaren erakundearen pentsamenduan bira bat hasi zela, bai berak, bai Pio XI.ak eta bai Pio XII.ak geroago, 'makillaje' estrategia bati jarraitu besterik ez zioten egin, modernotasun irudi bat eskaintzea helburu zuena». Juan XXIII izan zen Erdi Arotik jasotako kontserbadurismo horrekin modu erabakigarrienean hausten saiatu zena. Zentzu horretan, Vatikanoko II. Kontzilioari esker, eliza katolikoak oinarrizko eskubideen defentsa hartu zuen bere gain. Teorikoki, behintzat. Kanpora begira. Funtsean, ez baitzen ia ezer aldatu. Bestela esanda, 1789ko Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena egin zenetik, Elizak 150 urte baino gehiago behar izan zituen ebanjelioa giza eskubideekin bateragarria zela onartzeko, eta gero, 15 urte eskasean, 1948ko Adierazpenaren aitzindari bihurtu zen. Eta, azkeneko hori, berebiziko garrantzia duten bi faktoreren beharrik gabe: bere ordenamendu juridikoan giza eskubideak berariaz aitortzen dituen adierazpen bat ez sartzea eta Erdi Arotik jasotako gobernu hierarkikoaren modua ez aldatzea. Eta beste hainbat kontuk ere, lehengoan jarraitzen dute: zelibatua, emakumearen presentzia urria, sekretismoa, abortua, homosexualen ezkontza, pederastia kasuak ezkutatzea, Elizaren ondasunen immatrikulazioa…

Gauza bat da fedea, eta beste bat, fede horren zaintzaz arduratzen den erakundea. Zalantzarik gabe, Frantziskok borondate ona eta irekitasuna agertu zituen bere aitasantutzan, baita ukitu ekologista bat ere. Baina, ohi bezala, horretan geratzen da ia dena: berniza eta borondate ona. Elizak ez du iraun modernoa edo progresista izateagatik, justu kontrakoagatik baizik. Aita Santu berriak Leon XIII.ari omen egin dio. Nago dotrinak lehen bezain harrizko jarraituko duela.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Pauso bat aurrera, bi atzera

Pauso bat aurrera, bi atzera