Borrar
Mario eta txandala

Mario eta txandala

Txandalez jantzita ikusi nuen lehen idazlea izango zen ziur asko

Viernes, 18 de abril 2025

2004ko irailean ikusi nuen lehen aldiz aurrez aurre Vargas Llosa, Donostiako Zinemaldian. Epaimahai lanetan zebilen bera Sail Ofizialean, eta sail beraren kritikak egiten nenbilen ni une hartan egunkari batentzat. Txandalez jan-tzita ikusten nuen sarritan Zurriolako pasealekuan, ibilera bizian eta senideren batekin hizketan. Norbait hurbila eta normala ematen zuen. Ni ere abiada bizian ibili nintzen Zinemaldi hartan, etxetik Kursaalera eta Kursaaletik etxeko ordenagailura, filmei buruzko erreseinak idazteko eta garaiz bidaltzeko gurpilean sartuta. Halaber, Sail Ofizialaren epaimahaikideei erreserbatutako aulkietan ikusten nuen, egun hartako pelikulari adi. Txandalez jantzita ikusi nuen lehen idazlea izango zen ziur asko. Deigarria egin zitzaidan argazki guztietan horren dotore eta ondo orraztua agertzen zen idazle hura kiroleko arropa arrunt hartan ikustea. Miresten nituen hainbeste eleberriren egilea desmitifikatzeko eta humanizatzeko ere balio izan zidan. Edozein jubilatu izan zitekeen itsasertzean paseatzen, baina nik banekien zenbait maisulanen egilea zihoala kamuflaturik arropa eroso eta koloretsu horien artean. Azpitik kontatzen hasita, besteak beste 'La ciudad y los perros', 'La casa verde', 'Conversación en La Catedral', 'Pantaleón y las visitadoras' (Santi Leonek 2011n euskaratua), 'La tía Julia y el escribidor', 'La guerra del fin del mundo' edota 'La fiesta del Chivo'. Anbizio eta birtuosismo ikaragarriko lanak dira denak, sorkuntza tekniketan oparoak, nobela erabatekotik gertu dabiltzanak. Irakurle amorratua bezain saiatua, Vargas Llosak primeran uztartu zituen idazle klasikoen eta berritzaileen bertuteak, Flaubert eta Faulkner, Tolstoi eta Sartre, Victor Hugo eta Céline...

Ezinbestean, neure buruari galdetu nion nola jantzita idazten ote zituen lan handi horiek: trajean, gorbata eta guzti, etxeko arroparekin edo txandalarekin. Hilabete geroago, 'La tentación de lo imposible' kaleratu zuen, Victor Hugoren 'Miserable'ak lanari buruzko azterketa mamitsua, gaztaroan ondo iltzatuta geratu zitzaidan lana, batez ere Jean Valjean-Javert bikote protagonistaren antagonismoagatik. Azken batean, nobelagile aparta izateaz gain, literaturari buruzko saiakeragile paregabea ere bazen Vargas Llosa, 'La orgía perpetua'-k, 'La utopía arcaica'-k, 'La verdad de las mentiras'-ek edota hainbat egileri (García Márquez, Onetti, Borges...) eskainitako lanek erakusten duten bezala, bere lehen urrats literarioak eta bere ibilbide politikoa uztartzen dituen 'Como pez en el agua' oroitzapen-liburua ahaztu gabe. Bera epaimahaiburu egon zen urte hartan apenas egon zen polemikarik berez ia beti oso polemikoa izan ohi den Donostiako Zinemaldian. Bahman Ghobadi zuzendari kurduaren Turtles Can Fly gordin eta hunkigarriak eskuratu zuen Urrezko Maskorra. Ondo merezitako saria, barrutik gogor astintzen zaituen pelikula horietakoa baita.

Geroztik ez dut berriro aurrez aurre ikusi Vargas Llosa. Arretaz, miresmenez eta harriduraz jarraitu dut haren ibilbidea. Miresmenez, beste bizpahiru maisulan aipagarri idatzi dituelako geroztik. Harriduraz eta penaz, eskuin muturrerantz izan zuen deriba gero eta ulertezinagoa zitzaidalako. Are gehiago, eleberrigilea eta iritziemailea edo pertsona publikoa antipodetan zeudela iruditzen zitzaidalako, biek janzkera ezberdina baleramate bezala. Hain zuzen ere, ez dira pertsonaia deserrotuak falta Vargas Llosaren fikzioetan. Are gehiago, bere eleberri askotan babesgabeak duindu eta boteretsuei kritika egin zien, baita duela urte gutxiko 'Tiempos recios' zoragarrian ere, non botereak bere gezurrak egia bihurtzeko darabiltzan mekanismoak agerian utzi baitzituen.

Irakurlearen esku dago idazle bat maitatzea edo gorrotatzea, haren kontraesan eta janzkera ugariak aztertzea. Zalantzarik gabe, ez dira gutxi izango euskarazko irakurleak Vargas Llosarekiko izango dituen aurreiritziak eta ezinikusiak. Eta haren liburuengana hurbiltzeko ariketa egin ezkero, baliteke pertsonaia deserosoagoa egitea, kontserbadore setatsuaren baitan idazle handi bat bizi zelako.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Mario eta txandala