Arial Art 360 webguneak Udane Juaristi euskal margolariaren mural bat nazioarteko ehun hoberenen artean sailkatu du
Aurten berriro ere 2019. urtearen amaieraren harira, urteko munduko kale margolan hoberenen zerrenda eman du argitara plataformak
UNAI SARRIUGARTE
Ostirala, 10 urtarrila 2020, 00:37
Arial Art 360 webguneak Udane Juaristi euskal margolariaren mural bat nazioarteko ehun hoberenen artean sailkatu du. Web orrialde hau kaleko artean espezializatua dagoen plataforma da. Aurten berriro ere 2019. urtearen amaieraren harira, urteko munduko kale margolan hoberenen zerrenda eman du argitara. Hala artista azkoitiarrak Oviedon (Asturias) burututako murala 66. postuan sailkatu dute.
Juaristik Oviedon egindako murala Parees Fest jaialdiaren barruan jorratu zuen. Margolan honek gipuzkoarraren estiloa ederki islatzen du. Juaristik egindako lan honek arrakasta ikaragarria izan du Espainiar estatu mailan eta hala, honen oihartzuna erabat hedatu egin da.
Baina hau ez da zerrenda honen barnean dagoen euskal mural bakarra. Izan ere, Leitzako Atekabeltz gaztetxeko murala ere munduko onenen artean sailkatu du Arial Art 360 webguneak. Nafarroako udalerri honetako murala zerrenda honen 46. postuan sailkatu dute. Artelan hauxe Murales Lian-ek burutu zuen pasa udan. Bertan emakume adindun bat ageri da bere kolore ugaritako ilearekin trentza bat egiten.
Udane Juaristi Ibáñez azkoitiar margolaria da. Argazkietatik abiatuta, collage bidez egindako obra koloretsuak sortzen ditu, nagusiki hiri-paisaiak erakusten dituztenak. Muralak ere egiten ditu. Juaristi Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean eta gehienbat Azkoitian duen tailerrean lan egiten du.
Bere lanak argazkietatik abiatzen ditu; izan ere, argazkien fotokopiak erabiltzen ditu collageak sortzeko. Fotokopia horiekin batera, beste material batzuk ere erabiltzen ditu: pintura akrilikoa, arkatzak, margoak, pastelak, eta abar. Bolumena emateko, egur pusketak, Lego-ko piezak edota plastiko zatiak sartzen ditu.