Maitagarriak bizia eman zion Pinotxoari. E. C.

ARAZOAK KONPONDU

IRITZIA ·

Domingo, 8 de diciembre 2019, 23:08

Garai bateko haurren ipuinetan sarritan agertzen zen maitagarria korapiloak konpontzera. Gauzak okerren eta ilunen zeudenean, hortxe agertzen zen bere makilatxo magikoarekin. Aurrena, bizitza eman zion Pinotxori; ondoren, egur zati izatetik gizaki izatera pasatu zen; kalabaza zalgurdi bihurtu zuen Errauskineren maitagarriak. Perraulten edo Grimm anaien ipuinetan ohikoak ziren maitagarriak, batzuetan atsoz mozorrotuta. 'Maitagarrien ipuinen psikoanalisia'n Bruno Bettelheimek zioen maitagarrien ipuin oro ispilu magiko bat dela, gure barne munduko zenbait alderdi eta heldugabetasunetik erabateko heldutasunera pasatzeko beharrezko epealdiak islatzen dituena. Azken batean, ipuin horien ustezko baretasunaren atzetik, gure barruko gatazkak ikus ditzakegu, eta zer modutan lortzen dugun bakea geure buruarekin eta kanpoko munduarekin. Alde horretatik, sinboloz josita daude maitagarrien ipuinak: animaliak, ametsen mundua, 'hiru' eta 'zazpi' zenbakien esanahi ezkutua, baso abartsuak, sagarrak, otso beldurgarriak, goseak akabatzen dauden familia txiroak…

Publicidad

Gizaldi batzuk lehenago, antzerkia asmatu zuten greziarrek 'deus ex machina' baliabidea ere asmatu zuten. Agertokiaren erdian jainko bat agertzen zen eta 'saltsa' guztia konpontzen zuen. 'Odisea' bera horrelako trikimailu batekin amaitzen da. Odiseok hil dituen ezkongaien senideek batzar bat egin, eta mendeku hartzea erabakitzen dute. Odiseoren bila doaz, eta honek borroka onartzen du. Borrokaren erdian Atenea jainkosa agertzen da, eta hitzarmen bat egitera behartzen ditu denak, berriro bakea nagusitu dadin. Aristotelesek, ordea, ez zuen begi onez ikusten baliabide hura, eta bere 'Poetika'n idatzi zuen fabulatik beretik sortu behar zela askaera, eta ez agertokitik kanpo dagoen artifizio batetik.

Zer nolakoa den fikzioaren indarra… Orain errelatoaz edo kontakizunaz baino ez da hitz egiten. Nolanahi ere, denboraren poderioz, sinestera iritsi gara beti norbait etorriko dela kanpotik gure arazoak konpontzera. Laguntza eskatu ahalko diogula bertsotan, Juan Kruz Igerabideren 'Ez gehiago idatzi' poema ederrean Olentzerorekin gertatzen den bezala, ironia mingotsez gertatu ere. «Olentzerori idazten hasi nintzen/ gutun sekretu hura/ konturatu nintzelarik/ gauzak okerrera zihoazela ezinbestean/ eta izaki magikoren bati/ laguntza eskatu beharko niola bertsotan/ zeren beste guztiak lanpeturik zebiltzan/ amaierarik gabeko eginbeharretan»…

Bilakaera horren seme-alaba dira superheroiak. Neurri handi batean, maitagarrien oinordekoak direla esan daiteke. Haiek ere gauzak konpontzera datoz kolpe bakar batez. Ez da kasualitatea azken urteotan zinemaren munduan ezagutu dugun superheroien aparraldia. Azken batean, pelikula horien bidez mundu ikuskera bat transmititzen ari zaigu, gerrazaletasunez eta indarkeriaz josia. Maitagarrien ipuinetan, pertsonaia arruntak gai dira beren arazoak konpontzeko (kanpoko laguntzarekin bada ere). Superheroien pelikuletan ikusle huts gara lurtarrak, ezdeus, gure indarren oso gainetik baitaude munduak bizi dituen arazoak (ia beti estralurtarren inbasioak). Superheroiek baino ezin dute mundua salbatu. Bitxiki, begien aurrean dakusagun mundu horretan ia ez dago hezur-haragizko gizaki arruntik, astean zehar 40 orduko lanaldia egin behar izaten duen horietakorik, janari azkarreko jatetxeetan korrika eta presaka jaten duen horietakorik.

Eta, bien bitartean, gero eta gehiago barneratzen dugu superburuzagiaren ideia, salbatzaile handiarena, faxismoak horren maite zuena. Esperantza galtzen dugunean, suminduta gaudenean, beti etorriko omen da norbait gure desioak betetzera, entzun nahi duguna belarrira eztiki xuxurlatzera. Denbora kontua baino ez da. Godoten pertsonaiak bezala, itxaroten jakin behar, besterik ez, besoak antxumatuta. Eta horretan gaudela, ez gara ohartzen gatazkak ez direla modu horretan konpontzen, benetako heroiak akordioetara heltzeko gaitasuna duten pertsonak direla, neurritasunetik eta elkar aditzetik, mahai baten inguruan edo telefonoz, kaparik eta makilatxo magikorik gabe.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad