Territorios

Oroitzapenak dantzan

Domingo, 14 de enero 2024

Festetan edo hortik kanpo, halako batean egiten duzu topo aspaldian adiskide zenuen norbaitekin, ez du axola non eta noiz eta bat-batean oroitzapenak dantzan hasten zaizkizu. Azaleratuko dira ustez ahaztu zenituen gertakizunak, etorriko zaizkizu gogora era guztietako pasadizoak.

Publicidad

Seguruenik, lehen hitzetatik ulertuko duzu ez zarela garai haietako hura eta ez zaudela aspaldiko haren aurrean, ia-ia bi ezezagunek egin dutela topo. Aurpegiak aldatu dira, baita oroitzapenak ere. Egiaztatuko duzu aspaldiko adiskideak gogoratzen dituen gertakizunak zuri ahaztu egin zaizkizula, hark ez duela gogoan zure oroitzapen bat edo beste eta biok gogoratzen duzuen zerbait modu desberdinean gogoratzen duzuela.

Alferrik ahaleginduko zara egia non dagoen zehazten. Ez zarete gezurretan ari, ez nahita behintzat. Besterik gabe bakoitzaren memoriak aldatu egin du gertatutako hura, pilatu egin ditu gertakizunak, nahastu, itxuraldatu. Memoria ari zaizue gezurretan, ez zuek.

Batzuetan datak ez datoz bat, zu edo zure adiskidea ez zeundeten memoriak esaten dizuen leku hartan. Bestetan gainerako lekukoak ez dira zuk uste zenituenak. Berdin zaio, gertatutako hura edo gertatu ez zen hura metabolizatu egin duzu, egosi egin du memoriak eta esperientzia esaten zaion horren barruan dago.

Horrelakoetan ez dut sekula besteak esaten duena ukatzen ez aldatzen. Azken batean berdin zaio. Adiskideak ahal izan zuena egin zuen gertatutako zera harekin, zuk bezalaxe, nork bere beharretara egokitu du pasadizo hura. Eta bion bizitza ez da aldatuko oroitzapen zehatz hura fintzen ahalegintzen bazara ere.

Publicidad

Bizi izan duzunak egin zaitu zarena, horretarako zure memoriak gertakizunak itxuraldatu behar izan baditu ere. Eta berdin gertatzen zaio adiskideari. Beraz, besarkatu adiskidea eta utzi lasai memoria bere gezurretan egosten.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad