Adobestock
Territorios

Ni, neu, niretzat

Azken boladan, agian pandemia ezkero, asko aipatzen da buruko osasuna. Era guztietan, modu arinean sare sozialetan, esparru askotako adituen hitzetan gainerako hedabideetan. Esaten digute ez diogula osasun mentalari duen garrantzia eman eta hori kaltegarria dela guztiontzat: gazteentzat, emakumeontzat, zaharrontzat…

Publicidad

Ez dut zalantzarik, buruan kokatzen dugun osasun hori gorputz osoari eragiten dio eta ez dago ondo zaindua sistema publikoan. Aje hori duela sumatzen duenarentzat gehienetan sistema pribatua da irtenbide bakarra. Noski, ordaintzeko gauza denarentzat.

Arazoa egon badagoela onartu ondoren, harrigarria iruditzen zait askotan gaitzaren iturria non dagoen ondorioztatu ondoren aipatzen dena. Alegia, konponbidearen hasiera nork bere burua maitatzean dagoela esaten digute ia aho batez, non eta nartzisismoak jota dagoen gizarte honetan.

Ni, neu, niretzat, nirekin, nirekiko, hori da askoren leloa, bizitzaren aro guztietan, haurtzarotik hasi eta zahartzaroan buka. Gehienez jota, ni eta nire inguruko pertsona batzuk, mundua hor bukatuko balitz bezala. Esparru txiki horretatik kanpo, askori ez zaio ezer interesatzen, ez bizilagunak, ez lankideak, ez herria. Are gutxiago erkidegoa edo mundua.

Noski, gauza bat da zeure burua ez gorrotatzea eta beste bat buruzaletasuna. Onar dezaket bere burua gorrotatzen duenak nekez egin diezaiokeela aurre bizitzari. Are gehiago, irtenbidea ez da nork bere burua ukatzea, ez bada santuentzat eta santu gutxi ditu edozein belaunaldik.

Publicidad

Baina zerbaitek markatzen badu oraingo gizartea, indibidualismoa da, are komunitateari aparteko garrantzia eman izan dion mundu bazter honetan. Eta halere, ez dut inon nire iritzi ezjakinean hainbati komeniko litzaiokeen aholkua ikusi: gorde maitasun eta ardura pitin bat besteentzat, gizartearentzat, jendartearentzat.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad