Hasieratik onar dezaket garraio publikoaren erabileraz esan behar dudana ez dela zientifikoa. Ez dago atzetik zenbakirik ez neurketa zehatzik. Behaketa baino ez da, eskarmentuaren ondorio, ikusi dudana, bizi izan dudana. Zientziak ere badu zerbait behaketatik, baina hitz handiegia iruditzen zait esan behar dudanarentzat.
Publicidad
Lehen puntua da garraio publikoan sartzeko, nonbait, txartelarekin batera, sakelako telefonoa eskatzen dutela, ez aukera gisa, ezinbestekotzat baizik. Bestela, ez legoke ulertzerik nola ia ehuneko ehunak daraman telefonoa eskutan. Gelditzen dira batzuk paperean irakurtzen dutenak, gelditzen dira ere bidaia bista hutsunean finkaturik egiten dutenak, baina salbuespen dira.
Mugikorra eskuan, garraio publikoaren erabiltzaile gehienak emakumeak dira, izan trena, autobusa edo metroa. Adin guztietako emakumeak, gaztarotik zahartzarora. Gizonak, berriz, gutxiago izateaz gain, ez dira adin guztietakoak, gaztetxoak bai, are gazteak eta, ondoren, hutsune nabarmena zahartzaroraino. Gizon helduek ez dute garraio publikoa erabiltzen, nonbait, nahiago autoa.
Horrek esan nahi du gobernatzen gaituztenek ez dutela garraio publikoa erabiltzen. Noski, ezinezko litzateke goi-karguentzat, ez ordea hortik beherakoentzat. Hori bai, horiek zenbakiak dituzte gertatzen dena ulertzeko, baina behaketa zuzenak eskaintzen duena galtzen dute.
Jatorriari dagokionez, itxuraren arabera behintzat, biztanleriaren bataz bestekoan baino altuagoa da jatorriz etorkinak direnen kopurua. Eta hor aldatzen da gizon-emakumeen arteko proportzioa, jatorriz etorkinak diren gizon helduek ere erabiltzen dute garraio mota hori.
Publicidad
Ez ditut ikusi Europako hainbat hiriburutan ikusi izan ditudan pertsona dotoretuak, antzokira edo operara joateko apainduak. Horiek ere ez dute, hemen, garraio publikoa erabiltzen.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión