Borrar
Urgente Un chico de 15 años mata a una persona y hiere a otras tres en un colegio de Nantes
Ahoa bete hortz
Bai horixe

Ahoa bete hortz

Zaldi hortzak, bainugelako konketaren kolorekoak, teklatu bat bezain lerrokatuak

Lunes, 3 de marzo 2025, 10:02

Duela gutxi, dentistarenean froga baten zain geundela, berriketan hasi ginen. Kontatu zidan zer espero nezakeen nire ahoarekin, zer egin zitekeen … Hobekuntzak aipatzen ari zela galdetu nion ikusi ote zuen El 47 filma. Esan zidan ezetz, haur txikiak zituela eta zinemara joatea luxua zela beretzat.

Kontatu nion filma joan den mendeko berrogeita hamar eta hirurogeien hamarkadan hasten zela eta bertan islatu nahi zela Espainiako hainbat bazterretik Bartzelonara lan bila joandako jendearen bizimodu latza. Nola eraikitzen zituzten txabolak hiritik aparte, nola bizi ziren, nola sortu zuten, pixkaka auzo oso bat.

Esan nion han bizi zirenek ez zutela iturriko urik, ez argindarrik, ez estoldarik. Hori bai, kontatu nion, pantailan ikusitakoaren arabera, txabola bakoitzean dentista bat zutela. Sasoi hartako pobrerik pobreenen papera antzezten zuten aktoreei ez zitzaiela hortz bat falta, hortz guztiak zituztela, hortz handi eta elurra bezain zuriak, gainera, zuzen zuzenak.

Filma ikusi duenak jakingo du gainerako ezaugarritzea ondo egina dagoela, ileak, arropak, oinetakoak. Aktore nagusi eta ez hain nagusien hortzak, berriz, zaldi baten pareko tamainakoak dira, bainugelako konketaren kolorekoak, piano baten teklatuaren antzera lerrokatuak. Lan berria dute filmetako makillatzaileek, aurpegietako zimurrak ezkutatzeko duten trebetasuna hortzetara eraman beharko dute, zaldi baten hortzeria duten cawboyak edo indioak ikusi nahi ez baditugu.

Esango nuke telebista aurkezleak hasi zirela horrelako hortzekin edo agian influencer-ak, baina aspalditik edonork daramatza, kaleko edozein bazterretan ikusi ditzakegu. Dentistek lortu dute estetika berri hori derrigorrezko bilakatzea. Ez da osasun kontua, estetika hutsa baizik. Ez da aski argal eta eder izatearekin, edo ezin da edertasuna zaldi hortzik gabe ulertu.

Desagertzen ari dira hortz arruntak eta haien lekuan bestelakoak ikusten ditugu edozein ahotan, zenbat eta handiago, orduan eta ederrago, zenbat eta zuriago, orduan eta gustagarriago, inuit jendeak zuriari jartzen dioten abizen ugarien artean berri bat sortzeraino.

Nire dentistak, ordea, esan zidan ez dela horrela, bezeroen eskakizuna dela bete-betean, bezeroek bultzatzen dituztela horretara, sarritan gogoz kontra, askotan esan behar izaten diotela bezeroari bere eskakizunak neurriz kanpokoak direla. Auskalo.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Ahoa bete hortz