Gertatzen zaio edozer 'adin bateko' pertsona bati (ez dezagun, oraingoz, gordin jokatu hitzekin) eta adinaren eragin zuzena eta ezinbestekoa dela esango da beti. Mendian paseoan zoazela orkatila bihurritu eta zaintiratua gertatzen bazaizu, norbaitek ordenagailuan edo sakelakoan engainatzen bazaitu, ez bazaizu batere gustatu pil-pilean dagoen kantua edo filma, eta beti, beti, zure adinaren ondorio zuzena da.
Publicidad
Gainerako adinetan, haurtzaroan, nerabezaroan edo gaztaroan adinak ez du izango erantzukizun osoa. Orkatilarena laua ez den lekuan korrika ibili zarelako izan daiteke, Internetekoak adierazten du ezjakinegi zarela kontu horietan edo fidakorregia, gustu txarra duzu musikan. Ez da adina, zu zara, zu eta zure ahalmenak eta gabeziak.
Edonork onartuko dizu era askotako gazteak daudela, helduen kasuan bezalaxe. Baina, ai ene, adin batetik aurrera, besteen begiradan adinak berdintzen zaitu. Zaharra zara eta kito. Horregatik ahalegintzen gara zehaztua ez dagoen muga hori zeharkatu ez dugula adierazten, nola hala, kostarik kosta. Oraindik ez, oraindik ez.
Guztiok dakigu gazte ez den edonori bota diezaiokezun lorerik preziatuena horixe dela, esan behar diozu bere nortasun agiriak dioena bere aurpegiak gezurtatzen duela, askoz itxura gazteagoa duela. Edonork egin dezake froga: esaiozu hori nornahiri eta egiaztatuko duzu sinetsi egiten duela eta horixe izango dela ingurukoei kontatuko dien lehen gauza.
Haur batzuk nerabez mozorrotzen dira, nerabe askok antzezten du oraindik ez dagokion gazte itxura, gazte bat ez da gazte dela ezkutatzen ahaleginduko. Korapiloa gazte izateari uzterakoan sortzen da, hortik aurrera ahalegin guztiak bizitako urteen eragina ezkutatzeko izango dira. Betiko gaztetasuna antzezten ahalegintzen gara, horretarako edozer egiteko prest gaudelarik.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión