Angel Ibisate euskaltzain urgazlea zendu da
Ibisatek euskararen erabilera aztertu eta sustatu zuen, gehienbat Arabako lurralde historikoan
unai sarriugarte
Osteguna, 12 martxoa 2020, 11:53
Angel Ibisate euskaltzain urgazlea zendu zen asteartean, martxoaren 10ean, 87 urte zituelarik. Ibisatek euskararen erabilera aztertu eta sustatu zuen, gehienbat Arabako lurralde historikoan. Euskalgintzako hainbat arlotan nabarmendutako gasteiztarraren heriotza Euskaltzaindiak eman zuen ezagutzera asteartean ohar publiko batean.
Unibertsitate Gregoriano Pontifikalean jorratu zituen Gizarte Zientzietako ikasketak eta, ondoren, abade bilakatu zen. Gasteizen eta inguruko udalerri ezberdinetan ibili zen abade gisa, eta Eleizbarrutiaren Seminarioko bibliotekari ere izan zen erretiroa hartu zuen bitarte.
Aspaldi euskaldunen hizkuntzak lurralde historiko honetan utzitako arrastoak buru belarri ikertzen ibili zen. Dena den, gaur egungo euskararen egoerak ere bere jakinmina piztu zuen. Era berean, euskararen sustapenaren aldeko hainbat egitasmoetako parte-hartzaile sutsua izan zen. Arabako AEK-ren sortzaileetako bat izan zan, esaterako. Hori dela medio, Euskaltzaindiak Araban euskararen iragana, oraina eta geroaren alde egin izan zuen lan ikaragarriarengatilk, euskaltzain urgazle izendatu zuen 2006ko maiatzean.
Euskararen ikerkuntzearen esparruan hainbat lan plazaratu zituen Ibisatek, hala nola, 'Formula de juramento en euskera en Álava en el siglo XVI : el testamento de Fray Juan de Victoria' (1985), 'El euskera en Álava a fines del siglo XVIII: un artículo de Don José Miguel de Barandiaran de 1926: anotaciones actuales sobre el documento publicado' (2001), '¿Ergoienak alavesas?: la Hergoiena salvaterrana, las Ergoienas de Salvatierra: nueva luz sobre un texto de P. Kardaberaz' (2008) edota 'El diccionario español-euskara de Landucci (1562) se confeccionó en Vitoria: una base documental recién descubierta' (2012).