Alex Gurrutxagak Euskadi Literatura Saria irabazi du, Xabier Leteren inguruko saiakeragatik
Saiakera Euskaraz modalitatean saritu dute, eta, epaimahaiaren arabera, 'Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria' lanak «gure poeta handienetako bat ezagutzeko aukera ematen du. Bere ideiak publiko egiten ditu»
Aurreko astean Euskadi Literatura Sarien lehenengo irabazleak ezagutu genituen, eta, asteazken honetan, falta ziren kategorietakoen garaileen berri eman du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Bilboko Azkuna Zentroan antolatutako ekitaldian. Horiek horrela, Saiakera Euskaraz modalitatean, Alex Gurrutxaga Muxika saritu dute, 'Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria' (Alberdania) lanagatik. Epaimahaiaren arabera, lan horrek «ekarpen handia egiten du Xabier Lete poetaren eta bere obraren inguruan. Gure poeta handienetako bat ezagutzeko aukera ematen du, bere ideiak publiko egiten ditu, eta, gainera, bere kantagintza eta kontzertuak lotzen ditu garai horretako giroa eta pentsamenduarekin», dio Juan Ramon Makusok, Patxi Juaristik, Aitor Zuberogoitiak, Amaia Bacigalupek eta Katixa Agirrek osatutako taldeak.
Publicidad
Azaldu dutenez, «Alex Gurrutxagaren lana Xabier Leteren poesia eta pentsamendu poetikoa ezagutzeko gonbita bat da, bere heriotzaren 10. urteurrenean. Xabierren poemak irakurtzeko edo berrirakurtzeko gonbita, alegia, eta, aldi berean, oparia, bai Xabier Lete eta haren poesia maite dutenentzat, bai Lete eta haren poesia ezagutzen ez duten belaunaldi berrientzat».
Ildo berean, esan dute «eduki akademikoa ondo landua dela eta euskal kultura, euskal literatura eta historia ere txertatu dituela. Ideiak eta pentsamenduaren aldetik egindako ekarpena bikaina da. Erabilitako estilo bizia eta arinarekin, liburu honen irakurketak gatibatzen zaitu».
Noticia Relacionada
Pello Lizarralde, Anjel Lertxundi eta Joxan Elosegi, Euskadi Literatura Sariak
Baina nor da gaur saritu duten Alexander Gurrutxaga Muxika? 1988an Zarautzen jaiotako doktorea da euskal literaturan, eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Euskal Filologia eta Literatura Konparatua ikasi zituen, eta Lourdes Otaegi irakaslearen zuzendaritzapean eskuratu zuen doktoretza, 'Xabier Leteren poetika: aldaeren azterketa eta bilakabidearen irakurketa bat' izeneko tesiarekin. Xabier Leteren eta Lourdes Iriondoren artxiboa aztertu eta katalogatu zuen, eta 2012-2021 bitartean EHUko Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikerketa talde kontsolidatuko kide izan da.
Hori nahikoa ez balitz, artikulu ezberdinak argitaratu ditu, besteak beste, euskal poesiaz, memoria historikoaz, eta haur eta gazte literaturaz. Dibulgazio eremuan, literatur kritikari gisa kolaboratu du, hala hitzaldi-solasaldi formatuan nola artikuluak argitaratuz (Berria, Erlea, Euskadi Irratia, etab.), eta Txori kantazale proiektua gauzatu berri du Joana Otxoa de Alaizarekin (Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria). Literatura Unibertsala (Batxilergoa 1) testuliburuaren egileetako bat da, '100 euskal sinbolo' liburua itzuli zuen, eta, orain, Eukadi Literatura Saria irabazi du Saiakera Euskaraz modalitatean.
Publicidad
Literatura Gaztelaniaz, Saiakera eta Lan Literarioen Ilustrazioa
Asteazken honetan, goizean, beste hiru kategorietako saridunen izenak ere jakinarazi dituzte. Literatura Gaztelaniaz atalean, Txani Rodriguezek EL CORREO egunkariko kolaboratzaileak jaso du aitortza, 'Los últimos románticos' liburuagatik. Epaimahaiaren ustez, bere idazkera «zorrotza da, eta erritmo narratibo bikaina du».
Lan Literarioen Ilustrazioa kategorian, bestalde, Javier de Isusiri eman diote saria, 'Transparentes. Historias del Exilio colombiano' lanagatik. Eta Gaztelaniazko Saiakeraren alorrean, azkenik, Mikel Reparazek eskuratu du saria, 'Las grietas de América' lanagatik.
Publicidad
Joan den astean gertatu zen bezala, oraingoan ere saridun bakoitzak, Saiakera Euskaraz modalitatea barne, 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro jasotzeko aukera izango du bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión