https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Aireportua eta poetak

Aireportua eta poetak
Aritz Gorrotxategi
ARITZ GORROTXATEGI

Ezagun batekin berriketan ari nintzela, hizpideak Pablo Neruda ekarri zuen gure artera. Orain hilabete batzuk, Txilen, Santiagoko aireportuari haren izena eman behar zioten, baina zenbait talde feministak ezbaian jarri zuten izendapena emakumeekin izan zuen jarrera dela eta. 'Confieso que he vivido' izenburuko oroitzapenen liburuan aitortzen duenez, emakume bat eraman zuen bere gelara haren borondatea kontuan izan gabe, eta harreman hura «gizon baten eta estatua baten artekoa» bezala definitu zuen poetak bere liburuan. Hori gutxi balitz, hidrozefaliaz gaixo zegoen bere alaba abandonatu egin zuen. Talde feministek Gabriela Mistralen izena proposatu dute, poeta handia hura ere, eta, 'Residencia en la tierra' poema-bildumaren egilea bezala, Nobel Sariduna baita ere. 1933an, Madrilera heldu zenean, bere burua «euskal indiotzat» definitu zuen Mistralek, benetako izenez Lucila Godoy Alcagaya zenak. Nerudak bezala -hark ere luma-izena zuen, eta benetan Ricardo Eliécer Neftalí Reyes Basoalto zuen izena-, gogotik lan egin zuen faxismoaren aurka. 'Tala' izenburuko hirugarren poema-liburua argitaratu zuenean, liburuaren eskubideak munduan zehar barreiatuta zeuden haur euskaldunei eman zizkien Mistralek. «Es mi mayor asombro, podría decir también que mi más aguda vergüenza, ver a mi América Española cruzada de brazos delante de la tragedia de los niños vascos». 2010ean RAEk eta gaztelaniako gainerako akademien elkarteak Gabriela Mistralen antologia osatu bat plazaratu zuten, 'En verso y prosa' izenburukoa.

Mistralek osagai guztiak zituen baztertua izateko: emakumea, behartsua, aurpegiera indigena. Are gehiago, ospe handiagoa izan zuen Txiletik kanpo Txilen baino. Esaterako, lehenago jaso zuen Literatur Nobel Saria Txileko Sari Nazionala baino. Alderdi jakin batekin engaiatu ez arren, Mistral errotik amerikazalea izan zen, 1956ko Hungariako inbasioa kritikatu zuen, eta emakume langileen alde borrokatu zen sarritan. Emakumeen Batzorde Nazionalaren kide izateko gonbita egin ziotenean, baiezkoa eman zuen atsegin handiz, baina baldintza batekin: Batzordean emakume langileen elkarteek ere parte hartu behar zuten.

Hasiera batean, aireportu bati poeta baten izena jartzea zentzugabe samarra zela otu zitzaidan, nahiz, azken batean, poetak ez dauden gaizki zerutik hurbil, txorien eta hodeien artean, irudimenarekin hegan. Baina, tira, jar ziezaioketen beste norbaiten izena, ingeniari batena, pilotu batena, astronomo batena… Dena den, batetik, pena hartu nuen Nerudaren irudia leku txarrean geratzen zelako: bestetik, poztu egin nintzen haren alternatiba Gabriela Mistral zela entzunda. Jakingo al zuen jendeak 1920an Temuco-n elkar ezagutu zutela? Pasadizo hori 'Confieso que he vivido' liburuan agertzen da halaber. Nerudak dioenez, bera gazteegia eta lotsatiegia zen Mistralen laguna izateko. Gabrielak liburuak oparitzen zizkion, errusiarren lanak beti: Tolstoi, Txekhov… «Oraindik nirekin daramatzat».

Solaskidea ni baino gazteagoa zen. Egilea eta haren lanak bereizteaz hasi ginen hurrena, zenbait egile kondenatzeaz eta barkatzeaz, egile horien jokabideaz… Esan gabe doa nik izugarri maite dudala Neruda poeta. Urte askoan lagun izan dut, eta gaztetan nire irakurketa kutunen artean izan nuen. Haren liburuak azpimarraz beteak nituen. Gainera, miresmen hori areagotzera etorri zen 1994an, Antonio Skármetaren eleberrian oinarrituta, filmatu zuten 'El cartero (y Pablo Neruda)' pelikula. Neruda kondenatzearen aldekoa zen nire adiskidea. Gero eta gehiago ikusten ari naizen jarrera bat da, boikotarena, sortzaileak arrazoi moral eta etikoengatik baztertzearena. Eta harritzen nauena da zein erraz erortzen diren batzuk dinamika horretan. Heziketa kontua izango da, beharbada, edo izaera kontua, baina niri kosta egiten zait idazle bati automatikoki boikota egitea, haren ezer irakurri gabe. Ezagutzen ditudan irakurle sutsuek ez dute horrelakorik egiten normalean.

Guztiarekin, aireportuak Neruda edo Mistral izena eraman, bi kasutan pozik geratuko naiz, biak idazle handiak baitziren.