Ahotsenea eta bere 38 kontzertuak
Musika. ·
Plateruenako oholtzatik estilo anitzetako abeslari eta taldeak igaroko dira lau egunezOihane Calvo Ugarte
Viernes, 5 de diciembre 2025, 07:53
Kulturaren jaialdi' gisa bataiatua, Azokaren 60. edizioa hastear dago, eta urtero bezala, Ahotsenea gunea euskal musika sortzaileentzako plaza izango da. Aurten ere aniztasuna izango da nagusi kontzertuetan, musika-estilo askotarikoak landuz eta ibilbide luzeko artistak zein talde hasiberriak tartekatuz. Antolatzaileen arabera, «zortzi eta hamar kontzertu bitartean egongo dira bertan egunero, lau egunez, abenduaren 5etik 8ra, 11.00etatik 22.00ak arte». Guztira 38 artista eta talde arituko dira Plateruenako taula gainean, eta horietatik 12k lehen diskoa aurkeztuko dute.
Publicidad
Sortzaile berriak
Musikazaleek sortzaile berrien lanak zuzenean ezagutzeko aukera izango dute. Izan ere, euskal musika eszenako belaunaldi berriak indarrez datoz musika proposamen berritzaile eta ausartekin.
Zornotzako Heitxik, adibidez, bere 'Berreraikitze aroa' diskoarekin 'elektrotrikipop' gisa izendatu duen estiloa proposatzen du, trikia eta panderoa bezalako euskal instrumentu tradizionalak elektronika garaikidearekin uztartuz. Eskafandra taldearen estreinako lan homonimoa, berriz, Joseba Iturraspe (McOnak) eta Iban Martin (Raimundo el Canastero) musikarien elkarlanetik sortua, pop, rock alternatibo eta elektronikaren eremuan mugitzen da, «teklatu eta sintetizadoreen koloreekin eta atmosfera emozional sakonekin».
Noticia relacionada
Gaueko ekitaldiak izango dira Azoka itxi eta gero
Bestalde, Meñakako Kak! taldeak 'Kendutako azken kartela' lanarekin 90eko hamarkadako New Wave, punk eta rock alternatiboaren oihartzunak ekarriko ditu; eta Bisai hirukote nafarrak 'Hemen naiz' diskoan rock suabe eta pop gogorraren arteko oreka bilatzen du. Era berean, Jonkassek Akerbeltz erromeriako abeslaria izatetik proiektu propio batera egin du jauzi 'DAM' lanarekin.
Berrikuntzaren bidean, Jokai konpainiaren 'Mugarri' lana proposamen berezi gisa agertuko da: ikuskizun eszeniko baten harira sortutako proiektua da, erroko musikatik eta ikus-entzunezko lengoaia garaikidetik abiatzen dena.
Horiez gain, lehen diskoa aurkeztuko dutenen artean daude Ixabe ('Zure estoldetan'), Gar ('Oraina eskuetan'), Ginka Biloba ('Ginka Biloba'), Hartzak Zeruan ('Bidean'), Kiimak ('Denboraren lehia'), eta Ane Han ('Itzulera(k)'), guztiek ere beren unibertso propioak eraikiz.
Publicidad
«Zortzi eta hamar kontzertu bitartean egongo dira bertan egunero»
Ahots ezagunak
Plateruenako agertokitik igaroko diren sortzaileen artean, bada jada ibilbide bat egina duen eta disko berria aurkeztuko duen artista eta talderik ere. Euskal musikaren panoraman errotuta dauden izenak itzuliko dira Durangora, lan berriak aurkezteko asmoz.
Aretxabaletako Nhil taldea, adibidez, 'Etxea' diskoarekin itzuliko da, pop eta soul doinuekin eta hitz intimistekin osatua. Lanaren izaera lasai eta gozoa nabarmena da, «goizean jaiki, leihoa ireki eta berriro ohean sartzea bezala» dela diote entzule askok. Zinez talde nafarrak ere lan berria aurkeztuko du, 'Harramazka', ikuspegi feminista eta soziala ardatz duen proposamena. Klasikoei esanahi berri bat emateko hautua egiten dute horretan, Benito Lertxundiren 'Baldorba' eta Mikel Laboaren 'Txoriak Txori' abestiei begirada pertsonal eta garaikidea eskainiz.
Publicidad
Iruñeko Burutik taldea ere indarberrituta dator. Estudioko laugarren lan honetan, 'Ipuinak', Nøgen taldearekin egindako izen bereko elkarlan arrakastatsua bildu dute. Eta Silitia taldeak, aldiz, 'Mirari orok tapatzen zauria' diskoarekin haien bereizgarri den musikaren izaera karrankariari eutsi diote.
Proiektu eraldatzaileen artean, Sara Zozayaren 'attä', unibertso introspektiboa duen lana, eta disko eta funketik gertu dagoen Beleren 'Muturrez zerura' proposamenak aipa daitezke, besteak beste. Hala ere, zerrenda luzea da: Arima Soul, Mihise, Mugan, Aria, Ødei, Herenegun, Harribitxi, Isuo, Ilargi, Karma, Harria, Gailu, Haize Arrosa, Ekiza, Garraio eta Esanezin.
Publicidad
Dagoeneko ibilbide bat egin duten artista eta taldeak ere ikusiko ditugu taula gainean
Gaueko eskaintza
Berrikuntza modura, aurten lehen aldiz, azoka itxi eta gero egitarauak jarraipena izango du, Ahotseneak gaueko kontzertuak eskainiko baititu. Egitarau berezi honek Plateruenan bertan izango du egoitza, eta emanaldiek 5 edo 10 euroko sarrera izango dute -info puntuan eta leihatilan eskuragarri-. Gaueko saioak bi egunetan egingo dira: abenduaren 5ean, 23.30ean, Lukiek eta Ezezez igoko dira oholtzara; eta abenduaren 6an, ordu berean, Tolosako Mirua eta Atarrabiako Naxker izango dira protagonistak. Horrela, Azokak musika proposamenei beste espazio eta ordutegi bat zabalduko die, ikusleei formatu berri bat eskainiz.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión