https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

100.000 bisitari inguru bildu ziren Basque Fest Jaialdian

Basque Fest Jaialdiaren ekitaldi bat./
Basque Fest Jaialdiaren ekitaldi bat.

Kataluniatik eta Madriletik etorritako turismoa izan zen nagusi Bilbon Aste Santuko egunetan ospatutako jaialdian

UNAI SARRIUGARTE

Basque Fest jaialdiaren zazpigarren edizioak arrakasta itzela izan zuen. Halaxe helarazi zuen Bilboko Udalak jaialdiaren inguruan egindako balorazioan. Udalak emandako datuen arabera, 100.000 bisitari elkartu ziren bost egunetan Bilbon antolatu ziren 300 ekitaldietan.

Jaialdi honek 6 atal izan zituen guztira: Musika, kultura, zinema, market, sport eta gourmet sailak. 'Txoko gourmet' izeneko esparru enogastronomikoa eta herri kirolen erakustaldia izan ziren bisitari gehien erakarri zituzten esparruak: bertara 54.991 pertsona hurbildu ziren.

Bestalde, kontzertuek protagonismo handia izan zuten. Milaka pertsona bildu ziren Azkuna Zentroan Kalakan, Oreka TX edota Niko Etxart bezalako euskal musikarien abestiez gozatzeko helburuarekin. Gainera, Korrontzi erromeria taldeak Plaza Berrian eskaini zuen kontzertua, eta, bertan, dantza tailerrak ere izan ziren. Udalaren arabera, 6.500 pertsona inguruk gozatu zuten musika emanaldi hauetaz.

Halaber, euskal folklorearekin erlazionatutako ekitaldiak ikustera 18.500 pertsona inguru hurbildu ziren. Ikuskizun hauek hiriko puntu eta kale desberdinetan burutu ziren: kalejirak, erromeriak, eta «Negua» izeneko akelarrea ikusteko aukera izan zuten bisitariek. Azken honek 1.000 pertsona inguru bildu zituen Arriaga Plazan.

Zinema sailak ere harrera ona izan zuen Udalaren arabera. Zinemaren txokoak eskainitako filmetan 800 pertsona inguru egon ziren. Gainera, Azkuna Zentroak zirku, musika eta antzerki ikuskizunak eskaini zituen. Bertan, 1.300 pertsona egon ziren eta erraldoien tailer eta kalejiretan, berriz, 2.300 pertsonak hartu zuten parte.

Basque Fest jaialdiaren zazpigarren edizioak zur eta lur utzi zituen Aste Santuko egunetan Bilbora hurbildu ziren bisitariak. Bilboko Udalak gaineratu zuenez: «jaialdi honek Bilboko ekonomia suspertzera lagundu du, bisitariak erakarri eta euskal kultura bultzatzeaz aparte».

Udalak eskainitako datuek diotenez turisten kopurua igo egin da aurreko urteekin alderatuta. Era berean, Estatu espainiarretik etorritako turismoa izan da nagusi, %58a izan da, batez ere Madril eta Kataluniatik etorritako bisitariak.