Finaleko zortzi lagunak
BIANDITZ IRAOLA
Viernes, 13 de diciembre 2013, 10:17
Maialen Lujanbio
Zama handia du, baina sorbalda sendoak ere bai
Bera da erreferentzia, eta zama hori izango du finalean. Are gehiago herentzia nork utzi zion kontutan hartuta, baina sorbalda sendoak ditu. Horrek bere alde ere jokatzen du, gainera, berriz irabazi edo ez, ia betirako txapelduna delako jada. Orain lau urte asko estutu zuen bere burua, eta aurten ere ez du txapela oparitan izango.
Beñat Gaztelumendi
Konkretutik abstrakziora egiteko joera du
Gaztea izanagatik ibilbide luzea du. Gipuzkoako txapelketan bi alditan kantatu du buruz-burukoan, eta Nagusiko finalean sartzea ez da sorpresa. Konkretutik abstrakziora egiteko joerak entzulearengandik urruntzen du batzuetan, baina bertsoa janzten dakiena da. Bere lekua definitu nahian dabil eta finalak bere ibilbidea markatuko du.
Amets Arzallus
Koxka bat gorago dago, aurten ere hautagaia da
Eroso eta konfian-tzaz aritu da kanporaketetan. Arrisku handirik hartu gabe aritu da, baina hala ere maila bikaina eman du. Ariketak banan-banan ezezik, saioak oso-osorik kontrolatzen ditu, eta gainontzekoak baino koxka bat gorago dago. Hirugarren finala du, eta beti izan da txapela irabazteko hautagaietako bat. Aurten ere bai.
Aitor Mendiluze
Bertsoa goitik behera argudioz janzten du
Ez da hausten duen bertsolaria, baina bertsoa goitik behera argudioz janzten eta puntuak elkarrekin josten ez du parekorik. Josketa lana ez du lehen puntuan hasten gainera, lagunak kantatu duen azkenekoan baizik. Eta hori da andoaindarraren dohain eta madarikazio handiena. Madarikazioa, lanik ez dagoela dirudielako.
Igor Elortza
Ofiziotarako laguntzaile bikaina da
Orain lau urte finaletik kanpo geratu ondoren, indarrez dator. Dotorezia du durangarrak ezaugarri nagusitzat, eta ideia freskoak plazaratu ohi ditu. Teknika inork ez bezala menderatzen du, eta horren adibide dira bakarkakorako har-tzen dituen doinu bihurriak, errima hautsi eta guzti. Ofiziotarako berriz, laguntzaile bikaina da.
Unai Iturriaga
Egoera kontra duenean hazi egiten da
Entzule askok ez du finala bera gabe ulertzen. Ia kanpoan izanda, finalean sartzea lortu du beste behin ere. Hori da, hain zuzen, durangarraren dohain handiena, egoera kontra duenean hazi egiten dela. Ideia orijinalak plazaratzen maisua da, eta bertsoak josten geroz eta hobeto moldatzen da.
Sustrai Colina
Egoera zailei buelta ematen dakiena
Lagunaren arabera kantatzen maisua da, zirrikiturik uzten ez duten egoerei buelta ematen asmatzen du. Sorpresa eta bat-batekotasuna bere-bereak ditu, beraz. Aurten, hala ere, lagunari zain egon gabe kantatu du, ohi baino gehiagotan bertsoaldia bere ideien arabera eramanez. Jolasari leku pixka bat kendu dio, jokoan aritzeko.
Aitor Sarriegi
Sakontasuna izaten du bere jardunak
Denerako balio duen bertsolaria. Ofiziotan lagun paregabea, bakarka inork ez bezalako istorioak josten asma-tzen du. Erantzunetan bizia da, eta argudio sinpleak erabili arren, sakontasuna izaten du bere jardunak. Haren bertsoek, ordea, entzule aktiboa eskatzen dute gehienetan, bertsoaren bila joatea, eta batzuk ez daude prest.