Sasoiaren amaiera lotsagarria
Maiatzaren bigarren hamabostaldian gaude eta data hauetan, Everesten, gailurrerako saio guztiak egiten dira. Joan den urtean bertako mendietarako garaia hutsik geratu zen, pandemiak ekarritako egoerak ez baitzuen hara bidaiatzea onartzen. Aurten baina, gauzak hobetuz zihoazela ikusita, Nepaleko Turismo Ministerioak ateak zabaldu zituen eta hango handiak eskalatzeko baimenak banatzen hasi zen. Zientoka!!
Bertara joaten diren sasi-mendizaleek, Katmandun PCR probak egin ostean, kanpamentu nagusia bete zuten. Nepalgo gobernuak berrogeialdi txikia exijitzen zuen probak negatibo atera bitartean, baina dirudienez, korrupzioa ere tartean zegoen. Batzuek PCR proba horiek negatibo hartuta erosten zituzten, lehenbailehen mendirantz abiatzeko.
Katmandu kutsaturik zegoen, Indiako birusaren mutazioa arin hedatzen ari zen eta hedapen horrek bailara guztiak zeharkatu zituen. Kontua da, laster batean, lehen kutsatuak agertu zirela kanpamentuetan, Everesten eta Dhaulagirin. Bigarren horretan ia alpinista kopuruaren erdiak positibo eman zuen. Larria da egoera altura hartan, eta horrexegatik ia kanpamendu guztiak husten hasi dira. Carlos Soriak ere hanka egin du eta aste honetan bueltatuko da Espainiara. Alex Txikonek edota Juanito Oiartzabalek gauza bera egingo dute, eta laster batean Euskal Herriratuko dira.
Eta han? Zer gertatzen da han? Bada, espedizio batzuek aste honetan egingo dute munduko gailur altuenerako saioa, inguruan dabilen ekaitz handi batek baimena ematen badie.
Beste askok gailurra zapaldu dute dagoeneko, eta irudi lotsagarriak heldu dira handik, denak nahasturik, denda handi baten barruan dantzan, musukorik gabe, gaixotasunaren kutsatze tasa igoaraziz.
Eta beste batzuek, dena bildu dute eta etxerako bidea hartu dute, bertako bezeroen integritatea eta osasuna bermatzeko xedez. Furtenbach Adventures agentzia potentea da horietariko bat. Bertako zuzendariek diote pandemiaren kasuak gero eta gehiago direla kanpamentuan, eta batzuek ez dituztela oinarrizko normak errespetatzen. Kasu batzuetan batzarrak egon dira, jaiak egon dira, eta jendea nahasi egin da. Kontuan hartu behar da goiko kanpamentuetan kontaktua handiagoa izan daitekeela, eta horregatik ez dute arriskatu nahi, eta dena paketatu dute berriz buelta hartzeko.
Gauza bera gertatu da Tibeten. Everesten, iparraldean, Txinako espedizio bat ari zen bakarrik (mugak itxita ditu Txinak), eta han goian gerta litezkeen kutsatzeengatik Txinako autoritateek bertan behera utzi dute espedizio hori. Gauza bera egin beharko lukete beste enpresa guztiek Nepalen, baina betiko legez negozioa, business, garrantzizkoago da beste ezer baino lehenago, populuaren osasungintza baino gehiago, omen.
Diruaren hotsak belarriak tente jarri dizkie bertako negoziante eta tratulant guztiei, eta badakite europar dirudunek edozer ordainduko dutela Amaren Jainkosaren gainean oina jartzeagatik.
Mendizaletasuna, non abandonatu dugu?
Bitartean, Nepal herria pandemiaren eraso bortitza jasaten ari da. Modu batean edo bestean, gutxien dauketenek gehiago sofrituko dute beti.