Urratzaileak
Beste ibilbideak izaten dira gustukoenak. Beste batzuek zabalduriko bidea goxoagoa. Beste urratzaile horiek imajinarioan iltzaturiko bizipenak erakarriagoak. Horiek izaten dira geure ereduak, geure ametsetako bidaideak.
Izen asko datozkit burura eta bategatik itaunduz gero nekez emango nuke izen bakarren bat.. Mendiak liluratu nindueneko garaietan, eskalada izan zen eremu zorabiagarria. Artean, literatura gutxi zegoen, eta ia guztiak irakasteko edota ikasteko metodoak ziren. Gaztelaniaz agertu zen lehengoetariko bat Chamonixeko alpinista batek sinatu zuen: Gaston Rebuffat. Berak bat egiten zuen mendiarekin, eta horrek sortzen zuen lilurapean abiatzen zen eskalada ederrak burutzera. Eskalatzeko modu elegantea zuen eta garai hartan balentria ederrak egin zituen. Bere argazkiekin gogoratzen naiz oraindik eta Alpeetara joateko grina berak piztu zidan. Garai modernoek Didier Raboutou, Wolfgang Güllich, John Bachar, Lynn Hill edota Catherine Destivelle izenak ekarri zizkidaten.
Horren ostean beste izan asko ikasi nituen. Himalayismoaren garaian, eskalatzaile ingelesekin bizi izan nituen abenturarik onenak. Shisha Pangma mendi ederra da. Doug Scott eta bere lagunek bide pikoa urratu zuten bere maldetan. Britainiarren bidea izenez ezagutzen da mendizaletasunaren urrezko liburuetan. Alpinismoaren aitzindariak izan ziren beren garaian. Hantxe zeuden Doug Scot eta bestea, nahiena, Peter Boardman. Peter hilda dago. Everest mendiaren zapaldu gabeko ekialdeko ertz liluragarrienean hil zen, 1982ko maiatzaren 17an, hotzaren hotzez eta nekearen nekez, Joe Tasker soka-kide preziatuarekin batera. Changabang mendian ere izan ziren eta bertako esperientzia Boardmanek idazti zuen The Shining Mountain liburuan.
Kangchenjungako ipar-ekialdeko horma zeharkatu zuten horiek ere modu arinean tontorreraino. Epikoa da tontorretik metro batzuk beherago (puntaren puntan bertoko jainkoak bizi zirela uste zen) atera zuten argazkia. Zerua urdin, izotza zurixka opako eta euren lumazko arropak gorri bizi-biziak. Horiek miresten nituen.
Azkenik, betidanik miretsi dudan eskalatzaile-mendizale-alpinista bat hurbilago daukagu: Jose Carlos Tamayo. Gazte nintzenean eredua zen niretzat, gero lagun bilakatu zen, eta azken urteetan sokakide eta espediziokide. Asko ikasten da hitz gutxiko gizon jakintsu eta sakon horrengandik. Une ederrak partekatu ditugu, eta are ederragoak izango dira partekatzeko ditugunak.