Taupada «ukitu pertsonala» duen absurdoaren antzerkiarekin dator

Eszena. Sara Iriondo eta Jon Olivares dira antzezleak 'Ikasgaia' obran. /Manu Sánchez
Eszena. Sara Iriondo eta Jon Olivares dira antzezleak 'Ikasgaia' obran. / Manu Sánchez

Talde elgoibartarrak Eugène Ionescoren 'Ikasgaia' antzezlana eskainiko du bihar Coliseoan, bere 40. urteurrenaren barruan

FÉLIX MORQUECHO

Bihar Coliseo Antzokira etorriko den konpainiak ez du bidai luzea egingo, apenas zazpi kilometro, baina ibilbide zabala badu bere atzetik. Elgoibarko Taupada antzerki taldea bere 40. urteurrena ospatzen ari da, lau hamarkada darama arte eszenikoak bultzatzen eta beti euskararekiko konpromisoari eutsiz. Ospakizunetan sartuta, 2017 urtearen amaieratik hona lau antzezlan prestatu dituzte, eta bihar Eibarren aurkeztuko dutena Eugène Ionescoren 'Ikasgaia' da.

«Ionescoren obra bat da, badakizu, absurdoaren antzerkia» aurkezten du Edurne Lasak. Bera da 'Ikasgaia'ren zuzendaria eta Taupadaren sortzeileetako bat Joxe Mari Larrañagarekin batera. «Obra honetan garrantzi gehiena duena emozioa da, hori da transmititu beharrekoa eta hor eduki dugu gure erronka nagusia». Antzezlan hau ikasle gazte baten eta bere irakaslearen arteko erlazioan oinarritzen da. Bata adin motzeko inozentziarekin iristen da eta, bestetik, zaharrena bere urduritasuna galtzen joaten da ikasgaia aurrera doan ahala beste jarrera bat azalduz. «Guk eman diogu gure ukitu pertsonala» dio zuzendariak. «Lan handia egin dugu jakiteko nola ikusten dugun irakaslea, nondik datorren... Gero gure konklusioak atera ditugu eta hortik abiatuta prestatu dugu jendeak ikusiko duena».

Hirugarren pertsonaia bat era desberdinean azaltzen bada ere, an-tzezlana bi aktoreen lanean oinarritzen da neurri handi batean. «Ez dakit zenbat denbora izan dudan obra hau artxibatuta» dio Lasak. Gogoa zuen martxan jartzeko baina beharrezko formazio zuen taldea izan arte itxaron nahi izan du. «Jonek hamar urte darama gurekin eta Sara antzezlan askotan aritu da ere. Oso lan ona egin dute eta berehala ulertu zuten zer nahi genuen. Konexio handia dago gure artean».

Pertsonaien artean dagoen erlazioak aldaketa sakonak biziko ditu obran zehar, eta Edurne Lasak horrela ikusten du bilakaera hori: «Neska hasieran oso dinamikoa da, gaztetxoa... Beste aldetik irakaslea oso paziente azaltzen da baina toke arrarotxo bat erakusten du. Hor egon da gure lana, poliki-poliki azaltzen joaten da nola normal itxura duena hain normala ez den. Ez da erraza publikoa horretaz konturatzea eta horretarako begiradak, arnasak eta gorputzeko jarrerak ere garrantsi-tzuak dira».

Taupadaren 'Ikasgaia' 2017ko abenduan estreinatu zen Elgoibarren eta ordutik hona eskualdeko beste herrietan antzeztu dute. Denbora honetan bere bilakaera ere izan du, eta Coliseora etortzeko bezperetan puntu onean ikusten du bere zuzendariak. «Oso polita izan da ikustea nola barneratu dituzten pertsonaiak eta nola emozioetan jartzen dakiten, zer... ni nahiko zorrotza naiz! Baina beraiek badaukate kapazitatea, oso ondo ikasi dute».

Gogoa eta konpromesua

Nahiz eta ondoko herritik etorri, edo hain zuzen horregatik ere, pozez betea dator talde elgoibartarra biharko emanaldira. «Kristoren gogoarekin goaz, benetako ilusioarekin! Coliseoan egitea guretzat polita izango da. Zenbat aldiz esan dugu Coliseoa bertan daukagula eta zein zaila jartzen diguten horra joatea! Baina oraingoan lortu dugu eta oso pozik gaude. Erantzunkizun guztiarekin eta konpromiso osoarekin goaz».

Bisita hau taldearen berrogeigarren urtebetetzearen ospakizunen barruan sartzen da. Edurne Lasa eta Joxe Mari Larrañaga profesional moduan aritu ziren antzerki munduan eta egoeraren poderioz talde amateur izatera bueltatu ziren. «Baina beti saiatu izan gara lan profesionala egiten». Horretarako antzerki tailerra sortu zuten eta jendea erakartzea lortu zuten ere. Arrakasta arazoa bilakatzen da batzuetan, eta talde zabalekin lan egiteko zailtasunak ikusita eskarmentu gehien zutenekin lan ausartagoak taularatu zituzten. «40 urteotan 34 antzezlan prestatu ditugu» dio Lasak.

Azken ekintzen artean ausardia ere aurkeztu dute, parke bat baso bihurtuta edo denden eskaparateetan zinemako sekuentziak antzeztuz. «Jendea aluzinatuta geratu zen». Lan hori guztia euskaraz egin dute beti, hizkuntza bere ezaugarrietako bat bihurtuz. «Ez pentsa honek ez digula lanik eman. De los Santos-en pare bat obra egin ditugu eta euskaratu behar izan ditugu. Eta Ionesco-rena ere ez zegoen euskaraz, Angel Ugarteburu irakasleak egin du itzulpena». Beraz, Coliseo Antzokiak lehen aldiz jasoko du bihar 1950. urteko 'La lección', baina oraingoan euskaraz.

 

Fotos

Vídeos