Ameriketako literatura gurean
Mikel Lasa olerkari donostiarrak orain dela berrogeita hamabost urte García Márquez-en lana nabarmendu zuen, bere 'Novela berria Hego Amerikan' liburuaren bidez
Jon Kortazar
Viernes, 2 de junio 2017, 23:02
Aurton espainieraz Ipar zein Hego Ameriketan egindako literaturaren hainbat urtemuga ospatuko dira. Pasa den hilean izan da Juan Rulforen jaiotzaren mendeurrena: Jaliscoko Sayulan jaio zen, 1917ko maiatzaren 16an. Eta egunotan gogoratuko dira Gabriel García Márquez idazle kolonbiarraren 'Cien años de soledad' eta Guillermo Cabrera Infante idazle kubatarraren 'Tres tristes tigres' eleberrien argitalpenaren berrogeita hamargarren urteurrena.
Agian Juan Rulfo mexikarra zelako, edo agian, haren 'El llano en llamas' ipuin liburua ezagunago zelako, ez zuen Mikel Lasak bere 1972ko liburuan aipatu. 'Novela berria Hego Amerikan' horrela, 'novela', 'v'rekin idatzita jarri zion izenburua poetak bere liburuari, eta hitzaurrean Martin Ugaldek hiru bertute nagusi aitortu zizkion: mundu mailako literatura egiten zuen esparru bati arreta jartzea; euskal literaturaren egoerarako ispilu izatea; eta idatzi nahi duenarentzat maisu lanak aurkeztea. Mikel Lasaren lanari «sendimena, sentsibilitatea» zeriola idatzi zuen Ugaldek. Dena dela, gaian oso jantzia zela erakutsi zuen Ugaldek hitzaurrean, eta gaztelaniaz egindako literatura horren berri eman zuen, hango iturriak erabiliz. 1966an 'Visión' aldizkariak egindako inkesta baten berri eman eta lurralde haietako berri zabala aurkeztu zigun belaunaldi desberdinetako idazleak aipatuz, eta denen artean Gabriel García Márquez buru jarriz.
Gure gaztaroan barra-barra agertzen eta entzuten hasi ziren Hego Ameriketako boom delakoaren idazleak. Eta Mikel Lasaren lana eredugarritzat eta guztiz beharrezkotzat jo genuen. Hasiera-hasieratik garbi uzten du berea ez dela kritika akademikoa, ezta historiagile baten kritika ere. Saiakera izatea nahi luke liburuaren joera, eta halaxe da: mugimendu nagusi batzuk, puntu labainkor eta orokor batzuk, han eta hemen irakurritako ideia garrantzitsuak ekarri nahi ditu orrialdeetara idazleak.
Egileen aukeraketan ere, honantz eta harantz ibili zitzaigun: Idazle perutarrak (Mariategui, Arguedas, Ciro Alegría, Vargas Llosa), denak batera aipatu ondoren, beste idazle batzuk aztertu zituen banaka-banaka Lasak: Jorge Luis Borges nagusia, mugimenduaren era berean buru eta sintesia zelakoan; Guimaraes Rosa brasildarra, García Márquez, Julio Cortázarrekin bukatzeko. Egile bakoitzaren kasuan, zertzelada nagusiak eman zituen: Borgesi estiloa goraipatzen dio, idazle gorrotatua dela aipatu ondoren: «prosa laurik, lasairik, erosorik eta dotorerik» baldin badu inork, Borgesek duela azpimarratzen du, eta gehitzen du «inoren beharrik gabeko bakardadean» bizi dela.
Fikzioaren bidez
García Márquezengan fabulen bidez, fikzioaren bidez errealitatea argitzeko duen dohaina, «errealismo magikoa» eta «literatura fantastikoa» bananduz atal horretan, García Márquezen literaturan dagoen ironia, umorea eta mundu ikuskera zabala azpimarratu zituen. Córtazar, aldiz, Borgesengandik hurbil ikusi zuen Lasak, baina bien artean alde politikoa eta estilistikoa bereiziz. Borges baino zuzenagoa dela Cortázar idatzi zuen euskal poetak.
Indar handiagoz edo ahulagoz, Hego Ameriketako nobela berri horrek izan du gugan nola ez? eragin nabarmenik. Eta hasi, Mikel Lasak aipatu ez zuen izen handi harekin hasi nahi nuke: Juan Rulforekin. Oso lan gutxi utzi zituen mexikarrak, baina bere lan urria oso sakona da, ahaztu ezin den horietakoa. Bai 'El llano en llamas' (1953) ipuin bildumak eta baita 'Pedro Páramo' (1955) nobela laburrak ere oso itzal handia izan dute gure literaturan. Inazio Mujika Iraolaren (1963) 'Azukrea belazeetan' (1987) ipuin liburuak badu zer ikusirik edo hori baino gehiago mexikarrak egindako literaturarekin. Hiru muinok inguraturiko Tolosa ondoko Urkizu auzuneak irudikatuko luke Rulfok eraikitako paisaia siku eta agorra. Rulforen Comala herriak geografia sentimentala sortzeko eragina eta bidea eman zion euskal idazleari. Baina ez da espazioan soilik ageri haren itzala. Rulforen ipuingintzan Mexikon izandako guda zibilek ere izan dute donostiarraren imajinazioa ernetzeko indarra: Mujikak oso presente ditu Espainiako Gerra Zibilak herrian utzitako aztarna eta beherapena. Sinboloen erabilpenean ere eragina izan zuen mexikarrak (etorriko den tragediaren aurrerapena da loratu ez zen gereziondoa, edo terral lainoa). Kontatzeko orduan ere Mujika Iraolak lurra bezain lehor eta agorra den estiloa erabiltzeko erabakia hartu zuen. Errealismoa mito bihurtzeko joeran dago, baina, Mujika Iraolaren idazkeraren oinarria. Pena da liburua ezin aurkitua izatea, eta berriro ez argitaratzea.
Mujika Iraolaren liburua argitaratu eta handik urte betera agertu zen Bernardo Atxagaren 'Obabakoak' (1988), nahiz eta bilduman ageri diren hainbat eta hainbat ipuin lehenagotik ezagunak izan; batez ere, Euskal Herrian gertatzen direnak. Errealismo magikoaren estetikaz blai eginda dago euskal literatura mundura agertu zuen liburua. Agian ez da Borgesen itzala nabari-nabaria, baina han eta hemen ikusten da argentinarraren luma liburu handi horretan. Ez da dudarik, Silvina Ocampo eta Adolfo Bioy Casaresekin hark onduriko 'Antología de la literatura fantástica' liburuak eragin zuzena izan zuela euskaldunaren literaturan. Zer esan dezakegu berririk 'Obabakoak' liburuaz esan ez denik? Biblioteka oso bat jaso zuen Atxagak liburu hori ontzeko momentuan, eta biblioteka horretako apalik maiteenetan aurki ditzakegu Hego Ameriketako lanik ederrenak.
Joseba Sarrionandiaren (1958) 'Narrazioak' (1983) liburuak izenburu hori darama, hain zuzen ere, urte batzuk lehenago Jorge Luis Borgesen ipuinen antologia agertu zelako, 'Narraciones' izenburuarekin. Bere hiru ipuin liburuekin ziklo oso bat eratu du Iurretako idazleak. Eta azkenean eman du ipuin guztiok osatu duten labirintoaren berri: hamar ipuinez osatuta daude hirurak eta hiruretan maiz gertatzen da denborarekin egindako jokoa, hain zuzen ere, gaurkoa eta iragana batzen diren denbora estalia eta zuzen hori. Jokoa izan ohi da askotan testuaren oinarria, baina Sarrionandiarengan ez dira falta mezu ideologikoak ere, dela Gerra Zibilak utzi duen galera, dela gaur eguneko militanteek jasaten duten egoera. Dena dela, Borgesi egindako omenaldia maiz ageri da orrialdeetan barrena.