Ezaugarri propioak
Andaluziako hauteskundeetako emaitzek indar politiko neurgarria eman diote estrainekoz bertako Juntako presidente Susana Díaz-i eta hango errealitateak gainerako erkidego gehienetakoarekin zerikusi handirik ez duela argi utzi dute, berriz ere
joseba arruti
Lunes, 30 de marzo 2015, 01:20
Asko hitz egin eta idatzi da PSOE barruan datozen hilabeteotan gerta daitezkeen iskanbilez. Alderdiak maiatzaren 24ko bozetan porrot eginez gero, egungo idazkari nagusi Pedro Sánchez-ek lehiakide indartsu bat izan lezake barruan, Espainiako gobernuko presidentatzarako hautagai izateko. Susana Díaz tinko ari da Andaluziako hauteskundeen ondoren eta bere anbizioaren jomuga Madrilen dagoela uste dute hainbat adituk. Egia esan, orain arte Juntako buruak ez zuen ezer eskaintzekorik. Griñán-ek 2012an lortutako emaitzen eta hark lotutako gobernu formularen oinordeko besterik ez zen. Orain, lehenengoz, berea da boto uzta eta horien ondoriozko ondare politikoa. Sozialistek duela hiru urtekoak baino emaitza kaskarragoak lortu dituzte, nahiz eta orain arteko diputatu kopurua berdintzea lortu izanak, 47, hori estaltzen duen. Gainerakoek lortutakoaren araberakoa izan da batik bat PSOEren poza. PPk sekulako kolpea jasan du, 50etik 33 ordezkarira jaitsita. Podemos-ek uste baino indar gutxiagorekin ekin dio Estatu mailako parlamentuetan sartzeari, Ciudadanos-en emaitzak onak dira baina ez alternatiba izateko modukoak eta IU, ostera, bere azkenetan egon liteke.
Publicidad
Andaluziako errealitate politiko eta soziologikoa oso berezia da, parekorik gabekoa. PSOEk beti jardun du gobernuan Junta lehen aldiz osatu zenetik eta ordutik honako hauteskunde autonomiko guztiak irabazi ditu, duela hiru urtekoak izan ezik. Agintean hain luzaroan egoteak eragin ohi duen higadura politikoak ez dio min handirik egin, eta ezta ustelkeria kasu nabarmenek ere. Bere meritua izan daiteke, edo bozemaileen espiritu kritiko faltaren ondorioa, edo alternatiba txarragoa den seinale. Azken egunotan Irene Sabalete Juntako goi arduradun izandakoa protagonistatzat duen grabazio bat plazaratu da, 2012ko bozetan zenbait enplegatu, sozialisten aldeko kanpaina egin ezean, lanpostua galtzearekin mehatxatzen zituenekoa. Jokabide lotsagarriak dira, herrialde demokratiko batean onartu ezinezkoak, alderdia eta gobernua nahasten dutenak. EREen auzia ere erabat argitzear dago oraindik, baina itxura ezin txarragoa du, eta kiratsa dario. Andaluziak, garapen maila islatzen duten estatistikei dagokienez, azkenetakoa izaten jarraitzen du erkidego autonomoen artean, baina bertakoek beti gobernuan izan duten alderdiari eman diote babesa, beste behin.
Alderdi Popularrak, aldiz, sekulako belarrondokoa jaso du. 17 diputatu kolpe bakarrean galtzeak islatzen du hondamendiaren tamaina. Hautagaiak ez zuen egokiena ematen, eta Rajoy-ren atzamarrak huts egin du berriz ere. Gobernuko presidentea zigortu nahi izan dute seguruenik bozemaile andaluziarrek. Hala, PPko buruzagiak estu eta larri dabiltza jada, ekonomiaren hobekuntza motelari oraingoz etekinik aterako ez diotela argi geratu baita. Maiatzaren 24ko hauteskundeetan popularren botere munizipala eta autonomikoa dago jokoan, eta triskantza ikaragarria izan daiteke. Duela lau urte emaitza ezin hobeak lortu zituzten eta orain, aldiz, inoizko txarrenetakoak izango dira. Izuak erreta daude dagoeneko, estrategiak aldatu eta siglak ezkutatu guran.
Podemos-en ere kezka nagusitu da Andaluziakoaren ostean. Lehen aldiz aurkeztu eta 15 diputatu lortzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, baina aurreikuspenak horren gainetik zeuden. Pablo Iglesias-ek eta bere ingurukoek ez dute bigarren mailako alderdia izan nahi, PPren eta PSOEren lehiakide zuzenak baino. Inkestek Espainia mailan irabazle izan daitezkeela aurreratu dute behin baino gehiagotan eta horren arabera aztertu dira martxoaren 22ko emaitzak. Alderdi osagarri izateko balio du eurenganatu duten indarrak, ez bipartidismoa akabatzeko. Podemos-en fenomenoa neurri batean birtuala izan den ala ez bi hilabete barru ikusiko da, baina lehen urratsa ez da espero bezain arrakastatsua izan.
Zenbait hedabide indartsuk Ciudadanos bultzatu nahi izan dute azken hilabeteotan. Seguruenik, Podemos-en aurreko beldurraren ondorioz, krisi ekonomikoaren eraginez sumindutakoei hausturarik ekarriko ez duen beste aukeraren bat eskaintzearren. Rosa Díez etorkizuna baino askoz gehiago iragana da jada, eta errazagoa izan da Albert Rivera-ren aldeko apustua egitea. Hilabete gutxitan, bere alderdiak indar handia lortu du hainbat erkidegotan eta Andaluziako 9 diputatuak horren isla dira. Parlamentu berrituan erabakigarri izango dira, hainbat egitasmo baldintzatzeko aukera izango dute eta hori maiatzean jazo daitekeenaren aurrerapena izan liteke.
Publicidad
IUrena, berriz, iragarrita zegoen. Hautagai ona aurkeztu dute eta kanpaina ere halakoxea izan da. Baina alperrik. Sozialisten eskutik joan direnetan Andaluzian horiek irentsi dituzte beti, eta oraingoan Podemos-ek kendu dizkie boto gehienak. Federazioak nekez gaindituko du aurten pairatu behar izango duena, eta ezkerraren berrantolaketa ekarriko du horrek. Horrelako prozesuak indarra dutenen borondatearen arabera gauzatu ohi direnez, Podemos-en inguruan eman daiteke batasun saiakera hori. Andaluziako emaitzek bertakoa baizik islatzen ez duten arren, kontuan hartu beharrekoak dira erkidego horrek Espainian duen pisu politikoa ez baita edonolakoa. Laster ikusi ahal izango da martxoaren 22koak zenbateraino baldintzaten duen maiatzaren 24aren ostekoa.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión