Hirutik, bi
Maiatzeko hauteskundeei begira EAEko hiriburuetan ekingo diote bereziki alderdiek, arrakastaren eta porrotaren arteko aldea neurri handi batean bertako emaitzek erabakiko dutelakoan. Donostian eta Gasteizen lehia estu dator
joseba arruti
Lunes, 9 de marzo 2015, 01:09
Bilboko Udalak EAJren esku jarraituko duela baino ez da segurutzat jotzen hiru lurraldeetako buru diren hirietan zer gerta daitekeen aztertzerakoan. Duela lau urte Iñaki Azkuna ahaztezinak gehiengo osoa lortu zuen, benetako balentria politikoa, eta haren itzala oso luzea da oraindik. Demokrazia berrezarri zenetik jeltzaleen esku egon da beti Bizkaiko hiriburua, baina azken etapa honetan inoiz baino sendoago. Izan ere, oso gutxitan lortzen da erabateko osagarritasuna alkate baten eta hiri baten artean, bata eta bestea uztartuta agertzerainokoa. Eta hori lortu zuen Azkunak: Bilboren balore onenak bere irudiarekin lotzea. Horretarako nortasun berezikoa izan behar da, lan gaitasun handikoa, eta hirian jazotzen den guztiari kudeatzaile soil baten izaeratik haratago doan grinarekin egin behar zaio aurre. Ibon Aresok goi-maila horri eutsi dio, beste modu bateko izaera eta estiloarekin, baina gogotsu eta eraginkor.
Publicidad
Orain, Juan Mari Aburto hautagai jeltzalea ari da gogor, Bilbo batetik bestera zapaltzen, arazorik txikienak ere gertutik ezagutu guran, bertako biztanleen babesa duen estilo baten ordezkari izan nahi duela erakutsita. Baditu horretarako nortasuna eta prestakuntza, eta gorporazioko kideen erditik gorako garaipena lortzea beti oso zaila den arren, muga horretatik zenbatera geratuko den jakitea izango da inkognita bakarra. Siglen, urteetan zehar hainbat alkatek eta bereziki Azkunak egindakoaren eta Aburtoren ezaugarri politikoen batuketak garaipen argi eta garbia emango diote EAJri Bizkaiko hiriburuan. Atzetik, Bilduk, PSE-EEk eta PPk nahikoa izango dute daukatenetik gehiegi ez galtzearekin, datozen foru eta udal hauteskundeetan beherako joera baitute hirurek, azken biek batik bat. Hala ere, ezker abertzalea bere baitan hartzen duen koalizioak badaki ez duela 2011korik errepikatuko, izandako huts estrategikoengatik eta hankasartzeengatik eta Podemos-ek min egin diezaiokeelako. Aurrekanpaina ere ez dute oso ondo hasi. Hamar mila lagun bildu nahi zituzten aurreko zapatuan BEC-en, independentziara ei daroan bideari ekiteko. Baina zazpi mila baino ez ziren izan. Mobilizaziorako sekulako gaitasuna duen indar politiko batentzat ez da modurik borobilena datozen urteotarako bere bide-orria izango dena abiarazteko.
Sinbolismoa
Bilduren inguruan zerbait hozten ari dela Donostian ere ikus liteke maiatzaren 24ko bozetan. Juan Karlos Izagirreren eta bere taldearen lana ezbaian dago aspalditik. Gehiengo sendoa izatetik urrun geratu ziren aurrekoan, baina sekulako arrakasta lortu zuten Odon Elorza alkatetzatik kentzerakoan. Hortik aurrera, bakardade politikoa izan dute nagusi, euren saltsetan egosten utzi baitituzte udaleko gainerako taldeek. Ohikoari jarraituz, keinu eta sinbolismo asko baliatu dute lau urteotan, baina kudeaketa lanetan ez dira hain fin ibili, Donostia 2016an Europako kultur hiriburu izateko zereginetan frogatu den legez. Inprobisazio gehiegi eta borondateak batzeko gaitasunik ez, antza denez. Eneko Goia alkategai jeltzalea izan daiteke aukera hori baliatuko duena, oposizioan eskuratutako esperientzia lagun. Sozialistek, aldiz, zail izango dute oso aldekoak ez zaizkien lekuetan irabaztea, eta jada Gipuzkoako hiriburua ez da horietakoa. Ernesto Gascoren estiloa ez da Odon Elorzarena, sasoi batean PSE-EEri hain errentagarri izan zitzaiona. Alkate ohiak bere diskurtsoa hirira egokitzen jakin zuen, alderdiko zuzendaritzari behin baino gehiagotan aurre egiteraino, eta egungo hautagaia, berriz, barne-egituraren ordezkari petoenetakoa da. Alkatetzarako lehian aukerarik izango ez dutenak PPkoak dira, testuinguru orokorra alde ez izateaz gain, euren arteko eztabaidetan, ezinikusietan eta borroketan sutsu jarraitzen baitute.
Egoera horrek azal dezake Javier Marotoren azkenaldiko estrategia etsia. Gasteizko alkatetzan jarraitzeko aukera gutxi duela jakinda, etorkinen aurkako gurutzadari ekin dio, populismoak askotan ezina egiten duelakoan. Gainerako alderdiek arduragabetzat jo dute, ñabardura gutxirekin ekin diolako arriskutsua eta irristakorra den gaia baliatzeari. Dena den, oraingoz ezin da esan alperrik dabilenik, laguntza sozialen inguruan errepikatu dituen adierazpenek boto mordoa eman baitiezaiokete. Bere alternatiba nagusia Gorka Urtaran da, EAJkoa, gaztea baina esperientziaduna, hiria ondo ezagutu eta hiriak ondo ezagutzen duena. Sozialistek nahikoa dute alderdia ez haustearekin, alkatetzarako bi hautagai izan baitituzte orain arte. Beste hiriburuetan legez, baina beharbada aukera handiagoz, Podemos-en ingurukoekin jazotzen denak baldintzatuko ditu emaitzak eta gobernu taldea osatzeko ahaleginak.
Praktikan, hiru hiriburuetatik bi daude jokoan, Bilbon EAJren aurkariek ez baitute aukerarik izango, pribatuan onartzen dutenez. Donostian eta Gasteizen, ostera, dena dago erabakitzeke eta hainbat faktorek zehaztuko dute irabazlea edo itunen ostean aldeko gehien lortuko dituena. Jeltzaleek aukera aparta dute hiriburuetan aspaldi galdutako botere maila oraingoan berreskuratzeko. Ohiko alderdiekiko urruntasun prozesuak ez die kalterik egin, sustrai oso sakonak dituztelako edo. Egoera pribilegiatu horretatik, orain arte daukatenari eutsi guran besteek nola borrokatzen duten ikusi ahal izango dute, ondorengo aliantzak zehazten hasi aurretik.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión