Mariano Rajoy.

Denboraren makina

Ganberan ez dauden eragile politiko indartsu berriek baldintzatu dute erabat Kongresuko aurreko asteko debatea. Espainian bipartidismoarenak egin du sasoi baterako, eta errealitate horretan ezin deserosoago sentitzen dira PP eta PSOE

joseba arruti

Lunes, 2 de marzo 2015, 01:30

Botere legegileak eta gizarteak ahalik eta sinkronizatuen egon behar dute demokrazia ordezkatzaile batean disfuntzio larriak gerta ez daitezen. Luze jota lau urterik behin aukeratu behar diren ganberak osatzen dituztenak kaleko indar banaketaren isla dira gehienetan baina, oso tarteka, krisi garaietako sakoneko gertakari politikoren batek erabat desitxuratzen du ispilu behar lukeen hori. Kasurik muturrekoenetan aldaketa ez da alderdi nagusi biren arteko joeren ondorio soila izaten, eragile berrien sorrerak eta indar hartzeak eragindako lurrikara baizik. Gizartean ia bat-batean sendo agertutako horiek ez dute denbora batean ordezkaririk izaten erakundeetan, eta daudenek legitimitaterik galtzen ez duten arren, tarte horretan iragana jabetzen da politikaz, orainaren kaltetan. Are gehiago, inkesten arabera, falta diren alderdiak ondorengo hauteskunde orokorretan garailea eta laugarrena izan daitezkeenean.

Publicidad

Sindrome honen aldagairik gogorrenak jota ekin zion aurreko astean Espainiako Kongresuak Nazioaren egoerari buruzko eztabaida deitzen zaionari. Rajoyk krisia gainditzen ari den herrialde baten berri eman zuen estraineko hitzaldian, berak Europaren erreskatetik libratu eta makroekonomiaren araberako arnasaldira eraman duena. Irakurritako zatian, goiz-eguerdi partekoan, inoiz baino luzeago jardun zuen PPren gobernuaren lorpenak azpimarratzeko. Hala, legegintzaldiko azken debate nagusian balantze antzekoa egiten saiatu zen, estadistaren tamainako irudia eman nahian. Baina PSOEren idazkari nagusi berriaren arratsaldeko erantzunak haserre bizian jarri zuen, inprobisazioak iraingarri eta lotsagarri agertzera bultzatzeraino. Gobernuko presidenteak datu ekonomiko nagusiak izan zituen mintzagai, eta oposizioko buruak, aldiz, herritar asko eta askoren errealitate latz zehatzak. Testuinguru horretan, eta gaur egungo langabezia tasak aintzat hartuta, lanpostu berriak milioika sortzeko Rajoyren konpromisoak beste mundu batekoa eman zuen.

Ustelkeria kasuei dagokienez, bestearenak nabarmendu zituen bakoitzak, herritarren artean jada oihartzunik eta baliorik ez duen taktika zahar eta antzuari helduta. PPkoak alternatiba izateko mailarik ez izatea leporatu zion Pedro Sánchezi eta honek, errealitatetik at egotea egotzi zion solaskideari. Debatearen osteko inkesten arabera, sozialista gailendu zen bere estreinaldia izandakoan, agian herritarrek egunerokoan jasaten dituztenak salatzen aritu zelako.

Dena den, bai batak eta baita besteak ere, Kongresuan ez zeudenei begirako agerraldiak egin zituzten. Jakin badakite momentuon ez dutela gizartearen zati handi bat ordezkatzen, aretotik irtetzerakoan dagoen giroak beste protagonista nagusi batzuk ere badituelako. Sozialistak Podemos-en beldur dira, eta PPkoak, gero eta gehiago, Ciudadanos-ek eragindako kezka biziak jota daude. Datorrenari aurre egiten saiatzeko, Rajoyren estrategia oso nabaria da: lortutako nolabaiteko susperraldi ekonomikoa di-da batean gal daiteke ezegonkortasuna nagusitzen bada, hau da, zirkuluen alderdiak irabaziko balu edo urte amaierako hauteskundeetako emaitzek gobernatzeko formula indartsuak ezinezko egingo balituzkete. Gehiengo sendo hori Koalizio Handi batek baino ahalbidetuko ez balu, izerdiak dariela hasiko dira, batez ere sozialistak. Krisia guztiz gainditzeko horrelakoak ezinbesteko direla nabarmenduta Europatik luzatutako deiek eta presioek hauspo lana egin lezakete bide horretan. Baina PSOE bigarren mailako alderdi osagarri bihurtuko luke horrelako konbinazio hilgarri batek, luzarorako.

Panorama aldaketaren beste biktima biak, IU eta UPyD, galtzen ari diren espazioa modu etsian finkatzen saiatu ziren, baina alperrik. Lehenek suizidio politikorako abilezia aparta erakutsi dute behin eta berriro, eta bigarrenak pertsonalismo gordinenaren atzaparretan dabiltza gero eta galduago, batuketen logikari uko egin eta kenketenean itotzen hasteko. Boto-emaile askok politika egiteko modu zaharrekin identifikatzen dituzte baita bi indar hauek ere eta, horren eraginez edo, ez diote probetxurik aterako bipartidismoaren gainbeherazko aldiari.

Publicidad

Mezu ezberdinak

Bestalde, talde parlamentario propioak dituzten bi euskal alderdi abertzaleek mezu ezin ezberdinagoak plazaratu zituzten debatean, bertokoan oinarritutakoak izan arren. Aitor Esteban bozeramaile jeltzaleak Euskadi ahaztea leporatu zion Rajoyri, eta bake prozesua behin betiko sendotzeko ahaleginik ez egitea, presoen sakabanaketari eutsiz esaterako. Horrez gain, hainbat arlotako eskumenak gobernu zentralaren esku berriz jartzeko ei dagoen asmoa salatu zuen, besteak beste espetxeei dagozkienak Jaurlaritzari behingoz emateko eskatuz. Azkenik, Estatuaren baitako nazioak aintzat hartzeko Konstituzioa aldatu beharra azpimarratu zuen.

Amaiur-eko Sabino Cuadrak, aldiz, ETArekin eta horren behin betiko su-etenaren ostekoarekin lotutakoak izan zituen hizpide. Arabar jatorriko diputatu nafarra ez da hizlari fin, dotore eta diplomatikoena, hori argi dago. Zentzurik politikoenean esanda ere, ez da onargarria erakunde armatua ekinean ari zenean PP erosoago zebilela adieraztea. Oso oraintsuko iraganera arte giza eskubideen hamaikatxo urraketa babestu dutenek ezin dute horrelako mezurik zabaldu hainbatetan aipatzen duten agertoki berri hori eraikitzen lagundu nahi badute. Arbuiagarriak izateaz gain, hitzok antzuak dira erabat, eta gutxieneko autokritikaren eskutik guztiz gainditutakoak behar luketen sasilogikei dagozkie.

Publicidad

Orohar, Kongresuan ikusi eta entzundakoak bipartidismoaren gainbehera baino ez du islatzen. Kale mailan jada gaindituta dagoen ereduan askoz gustorago zeuden bi alderdi nagusiak, normala denez. Baina hemendik aurrerako errealitate politikoa ez dator bat eskema horrekin, ganberako errealitatea kalekoarekin gaur egun nabarmenki bat ez datorren moduan. Datorren horretan bi alderdiok ardura osoa dute, euren mugek, ezintasunek, trikimailuek eta bestelakoek ahalbidetu dutelako. Denboraren makina nahi lukete jaun eta jabe ziren garaira itzultzeko, oraindik Kongresuan badirauen horri eusteko. Baina atzerako jauzi hori makina bat herritarrek eragotziko dute.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad